Nafarroako 0-3 plataformak haur eskoletako ratioak jaistea eta langileen soldatak igotzea aldarrikatzen du. Hori eskatuz Nafarroako Parlamentuaren parean kontzentrazioak egiten hasi ziren. Baina kontzentrazioak deszentralizatzea erabaki zuen, “herrietara aldarrikapenak iristeko. 0-3 zerbitzuaren erabiltzaileak diren familia horiek gerturatu daitezen gurekin batera borrokatzera”. Plataformako kide den Eider Garderen azalpenak dira. Gaineratu duenez, “gure helburua da familiak eta udalak gurekin bat egitea aldarrikapen hauetan”. Horretarako, plataformako kideak Nafarroan udalekin eta familiekin lanketak egiten hasi dira.
Gardek azaldu digunez, duela hiru aste Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdiekin bilerak izan zituzten, Navarra Sumarekin izan ezik, “ez duelako gurekin bildu nahi”. Nafarroako aurrekontuak direla eta gobernuak eta EH Bilduk adostutako akordioan 0-3ren finantzaketarako 600.000 euro gehitzen dira. “Plataformak EH Bilduri eskatu dio diru hori nora joanen argitzeko. PSNk bere programan zikloaren doakotasuna jasoa zuen, horrekin ados gaude. Baina beldur gara 600.000 euro horiek doakotasunean sartzea eta ez gure aldarrikapenetan. EH Bilduri proposatu diogu diru hori zertara bideratu”.
Gardek azaldu digunez, badakite mugimenduak daudela. Horren adierazle da ostiralean jaso zituztela aurrematrikulazio eta matrikulazio datak eta harrera araudia. Horiekin eta besteak beste taldeetako ratioen berri emanez gobernuak baliabide koadernoa zabaldu izan die haur eskolei aurreko ikasturtean. “Gaur dugu bilera eta jakinen dugu mugimendurik izan den”.
Udalak
Gardek azaldu duenez, gero eta eskola gehiago batu zaizkie eta jendeak kontzentrazioetara joanez erantzuten du. “Nafarroan 0-3 zikloa diseinatua dagoen moduan oso zaila da ardurak zeinenak diren definitzea. Guk argi dugu arduradun bakarra Hezkuntza Departamentua dela, eta beraiek hartu beharko dutela erantzukizuna”. Gardek gaineratu duenez, “udalak ere kaltetuak dira. Hasteko, iruzurra egin zitzaien, haur-eskola sekulako eskaintza izanen zela esanez eta pozoidun goxokia eman. Gero ikusi da udal askok ezin dutela ekonomikoki jasan haur eskola baten gastua, eta Nafarroako Gobernuak ez duela finantzaketa bermatzen. Hitzarmen bidez finantzatzen dira eta dirua ikasturtea bukatutakoan jasotzen dute. Hau da, udalak dirutza aurreratu behar duela”. Plataformako kidearen arabera “askotan legeak egiten dira Iruñeko haur-eskolen ereduari segituta. Egia da Nafarroan egitura ez dela Iruñeko haur-eskolena, eta kaltetuak izaten dira”.
Nafarroako Parlamentuan Carlos Gimeno Gurpegi hezkuntza kontseilariak ilbeltzaren 9an esan zuen aurten udalei % 1eko deskontua eginen zaiela beraien ekonomia-ekarpenean. “Gure lanketa udalekin hortik abiatu da. Nafarroako Gobernuak esaten du udalek finantzaketaren % 25 ordaintzen dutela eta aurten % 24 izanen dela. Hori ez da egia. Zeren Hezkuntza Departamentuak bere egiten ez dituen gastu guztiak udalak pagatzen ditu. Hau da, langileen antzinatasuna, langileak baja hartzen badu eta bajetarako dagoen aurrekontua agortzen bada udalaren gain gelditzen da. Beraz, % 24 hori ez da erreala”. Horregatik, “udalekin finantzaketa egitura zein den ikusteko lanketa egin dugu, aldarrikapenak egin ditzaten”.
Plataformak udalei dagozkien aldarrikapenekin txostena prestatuko du, udaletan aurkezteko. Baita haur eskola ez duten udaletan ere, bilkuran azter dezaten. “Gaur egun haur eskolarik ez duten herrietako biztanleek ez dute eskubiderik. Beraz, ordaindu beharko dute dirutza bat gainetik. Udal batzuk familiei laguntzen diete, baina beste batzuk ez dute laguntzarik ematen. Horrek lehenengo eta bigarren mailako biztanleak eragiten ditu Sakanan eta Nafarroan”. Plataformaren helburua da haur eskolen gaia legegintzaldian mahai gainean egotea eta konpromisoak eskatzea.
Mobilizazioak
Martxoak 12, osteguna, 18:00etan Altsasuko udaletxe parean.
Martxoak 26, osteguna, 19:00etan, Nafarroako Parlamentuaren parean.
Apirilak 2, osteguna, 18:00etan Altsasuko udaletxe parean.
Apirilak 30, osteguna, 18:00etan Altsasuko udaletxe parean.
Lau Sakanan
Uharte Arakilen Pausoka haur eskola
Arbizun Kattuka haur eskola
Altsasun Txirinbulo haur eskola
Altsasun Txioka haur ikastola (ez du finantzaziorik jasotzen).