Futbola

Preferente mailan jardunaldi txarra gure taldeendako

Guaixe 2020ko mar. 2a, 12:45
Lagun Artea eta Etxarri Aranatz, Zelai Berrin jokatutako derbian.

Preferente maila. 20. jardunaldia. Doneztebe 4 – Lagun Artea 1 / Itaroa Huarte B 4 – Etxarri Aranatz 3

Preferente mailan asteburukoa ez da jardunaldi ona izan gure taldeendako. Donezteben jokatu zuen Lagun Arteak eta etxekoek dominatu zuten hasieratik. Doneztebek lehen gola lortu zuen 37. minutuan eta segituan arbitroak Lagun Arteako kapitaina aldageletara bidali zuen; horrek gauzak gehiago erraztu zizkion Donezteberi. Bigarren zatian bigarren gola sartu zuen Doneztebek eta handik gutxira hirugarrena, penaltiz. Hala ere Lagun Arteak ez zuen etsi eta Zubiriak lakuntzarren aldeko gola lortu zuen. Baina Doneztebekoek bere horretan jarraitu zuten eta laugarrena lortu zuten azken minutuan. Porrot gogorra jasota eta punturik gabe itzuli ziren lakuntzarrak. Bakaikoa jokalaria kanporatzeaz gain, Lagun Artearen entrenatzailea kanporatu zuen arbitroak.  

Etxarri Aranatzek ere ez zuen zortea alde izan. Itaroa Huarte taldearen kontra aritu ziren etxarriarrak. Itaroa Huarte 5. minuturako aurreratu egin zen eta lehen zatian dominatzen jarraitu zuen etxeko taldeak, baina atsedenaldia baino lehen Iñigok berdintzea lortu zuen, penalti bati esker. Bigarren zatian Huartek gol jokaldiak sortu eta hiru gol sartu zituen, 4 eta 1 aurreratuz, baina Etxarrik ez zuen etsi, partidari buelta eman eta Iñigok sartutako bi golei esker, 4 eta 3 gerturatu ziren etxarriarrak. Tamalez ez zen gehiagorako tartea egon, eta Itaroa Huartek ordua eskatzen bukatu zuen partida. 

Preferente mailan Beti Casedano da liderra (36 puntu), Mutilbera puntu batera (35 puntu) eta Lagun Artea puntu batera (35 puntu) dituela. Estu dago goiko sailkapena. Baita behekoa ere. Etxarri Aranatz, tamalez, 16. eta azken postura jaitsi da (18 puntu). Jaitsiera postuak atzean uzteko puntuak behar dituzte etxarriarrak. Hurrengo jardunaldian Lagun Arteak Aibares taldea hartuko du eta Etxarri Aranatzek Ilunberri. 

Altsasu 9. postuan
Gizonezkoen erregional mailan Altsasuk asteburu honetako jardunaldia aurreko astera aurreratu zuen eta bina berdindu zuen Liceo Monjardinekin. Sailkapenean, Universidad de Navarrak jarraitzen du lider (50 puntu) eta Altsasu 9. postuan dago (20 puntu). Hurrengo asteburuan sailkapenean 7. postuan dagoen Salesianos taldea izango du aurkari Altsasuk.