Atletismoa

Lilatoiaren ondotik, Sakanako Lilasterketa

Guaixe 2020ko mar. 6a, 16:35

Sakanako 14 emakumek hartu zuten parte emakumezkoen Donostiako lasterketan. Sakanako emakumezkoen lasterketa, Lilasterketa, martxoaren 15ean jokatuko da Altsasun, Altsasuko Udalak eta Mankomunitateak antolatuta

Donostiako Lilatoiak errekor guztiak apurtu zituen eta 6.565 emakumek hartu zuten parte emakumezkoen berdintasuna aldarrikatzen duen lasterketan. Aurtengoa 31. edizioa zen, “Norantza bakarra du bideak” lelopean jokatu zena. Izaro Rubio ordiziarra izan zen Donostiako kale nagusienetan barna jokatutako proba herrikoiak zituen 5 kilometroak osatzen azkarrena (18:23), eta tartean hainbat sakandar aritu ziren. Azkarrena Amaia Aristu olaztiarra izan zen, helmugan 62. postuan sartu zena (22:42)

Lasterketa hasi baino lehen, zumba beroketa saioa izan zen, eta 10:25ean ibilbidea handbikean osatu zutenak abiatu ziren eta 10:30ean, herri lasterketa korrika osatu zuten emakumeak. Ohi bezala, sekulako giroa egon zen Donostiako kaleetan, txarangak eta batukadak are gehiago berotu zutena. Festa behar bezala bukatzeko, trikitilariek girotutako Lilapoteoa izan zen Alde Zaharrean. 

Sakanako VII. Lilasterketa martxoaren 15ean
Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak Martxoak 8 ekitaldien barruan antolatuta, martxoaren 15ean jokatuko da Sakanako VII. Lilasterketa edo emakumezkoen lasterketa. Proba 12:00etan abiatuko da Altsasuko Foru plazatik, eta korrika, patinetan, bizikletan edo paseoa emanez osatu daiteke ibilbidea. Antolatzaileek bertan parte aritzeko deia egin diete emakumeei. 

Sakandarrak Lilatoian (5 km)
1.Izaro Rubio (Ordizia) 18:23
62.Amaia Aristu (Olaz) 22:42
257.Gurutze Ubeda (Etx) 27:07
941.Ainara Aizpurua (Olaz) 31:39
1750.Nora Mendizabal (Arru) 34:26
1981.Maite Agirre (Urd) 35:02
1984.Izaskun Aiestaran (Urd) 35:02
1985.Ana Agirre (Urd) 35:02
4746.Josune Erauskin (Etx) 41:38
4956.Amets Flores (Arb) 42:13
4960.Intza Insausti (Arb) 42:14
5119.Nekane Garcia (Arb) 42:43
5125.Ariane Insausti (Arb) 42:45
5127.Naiara Estanga (Arb) 42:45
5129.Miren Pereda (Arb) 42:46