Txirrindularitza

Afizionatuetako euskal denboraldia martxan

Guaixe 2020ko mar. 4a, 13:32
Tropela Zumaiako lasterketan. Argazkia: Euskal Herriko Federazioa.

Larunbatean Euskaldun Torneorako baliagarria den Zumaiako lasterketa jokatuko zen eta igandean Lehendakari Txapelketarako puntuagarria den Ereñoko proba. 5 txirrindulari afizionatu sakandar ditugu tropelean

Asteburuan afizionatuen mailako euskal egutegia abiatu zen. Aurten gure errepideetan amateur mailako 38 lasterketa jokatuko dira guztira, horietatik 2 Sakanan: uztailaren 16an Euskaldun Torneorako baliagarria den lasterketa, Iturmendin; eta Altsasuko festetan, irailaren 15ean jokatuko den Altsasuko lasterketa, Euskaldun Torneorako puntuagarria izango den azken lasterketa. 

Euskaldun Torneorako 20 probek puntuatuko dute, eta Lehendakari Txapelketarako (23 urtez azpikoak) 18 probek. Aurtengo nobedadea da bi torneoetan txirrindularien eta taldeko kotxeen arteko komunikazioa baimenduko dela, pinganillo bidezkoa. Larunbatean Zumaiako lasterketak Euskaldun Torneoa mustu zuen (112,5 km). Euripean, zazpikote bat iritsi zen batera helmugara eta esprintean Baque taldeko Jon Barrenetxea gailendu zen (2:41:20). Lizarterekin debutatu duen Jon Gil lakuntzarra 50. postuan sartu zen, eta Goierriko TB-Laboral Kutxarekin bere bigarren denboraldiari ekin dion Ailetz Lasa ziordiarra 87. postuan sartu zen. Igandean XVII. Ereñoko Udala Sari Nagusia jokatu zen, Lehendakari Txapelketa irekiko zuena (105 km). Grupo Eulen taldeko Joseba Lopez bakarrik iritsi zen helmugara (2:44:55). Ailetz Lasak 27. postuan gurutzatu zuen helmuga. 

Larunbatean Urretxuko proba jokatuko da, Lehendakari Txapelketarako baliagarria, eta igandean Espainiako Koparako baliagarria den bigarren proba, Guerrita Trofeoa, Murciako Alcantarillan.

5 txirrindulari sakandar afizionatuetan
Afizionatuen mailako tropelean aurten 25 txirrindulari nafar daude, horietatik 5 sakandar. Josu Etxeberria iturmendiarrak Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarrean jarraitzen du, Iker Cerviño irurtzundarrak Telco’m Clima-Oses taldean segitzen du, Ailetz Lasa ziordiarrak Goierriko TB-Laboral Kutxan jarraitzen du, Jon Gil lakuntzarrak Lizarte taldean debutatuko du eta Andoni Ocaña urdiaindarrak Ciclismo Riojano-Lasarg taldean.