Duatloia

Mikel Astiz hirugarrena IV. Lizarrako Duatloian

Guaixe 2020ko mar. 6a, 08:45
Mikel Astiz, Tuteran.

Igandean jokatu zen proba eta oso ongi aritu ziren sakandarrak. Martxoan jokatuko diren Arbizuko eta Altsasuko Duatloietan izena emateko epea zabalik dago

Igandean IV. Lizarrako Duatloia jokatu zen –5 km korrika, 20 km bizikletan eta 2,5 km korrika–. Sakanako 6 kirolarik hartu zuten parte eta bikain ibili ziren; horren erakusle, 6 sakandarretako 5 lehen 20 postuetan sailkatu ziren. 
Guztira 128 duatleta inguruk osatu zuten proba eta Amandarri taldeko Aitor Regillaga izan zen azkarrena (1:02:37). Aurten Donibane taldean dabilen Mikel Astiz ihabardarra aurrean ibili zen eta hirugarrena iritsi zen helmugara (1:03:40). Eta Sakana Triatloi Taldeko kideak ere ongi aritu ziren. Sergio Garcia 12. postuan sartu zen (1:06:17), Iñaki Alvaro 14. postuan (1:07:00), Juan Luis Maiza 16. postuan (1:07:43), Juan Carlos Gomez 17. postuan (1:07:44) eta Hiruki Triatloi Taldeko Jose Ignacio Mikeo 46. postuan (1:13:13). 

Emakumezkoetan Donibane taldeko Uxua Idiazabal izan zen txapelduna (1:18:14) eta Sakana Triatloi Taldeko Silvia Perez 10. postuan iritsi zen (1:29:46). 

Arbizu eta Altsasu ate joka
Martxoaren 21ean Arbizuko Duatloia jokatuko da eta martxoaren 28an Altsasuko Duatloia. Bi lasterketetarako izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioan (www.navarratriatlon.com). 

Kategoria txikiak
Lizarrako Duatloia ere kategoria txikietan jokatu zen, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria. Benjaminen mailan Sakana Triatloi Taldeko Oihan Andueza 3. sailkatu zen, Aratz Mendoza 8. eta Unax Mazkiaran 10., eta kimuetan Mikel Arrizabalaga 5. postuan sartu zen.