"Kezka handia agertu genuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako epaiarekin, kezka areagotu zitzaigun Gobernuak epaiari kasazio-helegitea tarteratu ez zionean, eta egoera hartan, herritarren eskubideak bermatzeko lege-zirrikituak balia zitzala eskatu genion Gobernuari duela hiru hilabete. Gaur, irizpen-txostena irakurrita, eskaera hori berretsi nahi dugu " adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Izan ere, urriaren 19an, Kontseiluak, gehiengo sindikalarekin eta ehunka herritarrekin batera, Nafarroako Gobernuko jauregiaren aurrean egindako elkarretaratzean gogora ekarri nahi izan zuen lege murritzetik eratorritako dekretu murritzari epaiak elementuak moztu arren, debekurik ez zuela ezartzen. “Orduan esan genuen epaiak jasotzen zuen ahal terminoaren alde positiboa ulertu behar zutela instituzioek; hortaz; legeak ezarritako eremu mistoan eta ez-euskaldunean neurriak hartzen jarraitzen ahal zutela, langileen euskara-gaitasunak baloratzen zein euskararen erabilera orokortuan, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpenak hori berretsi besterik ez du egiten” azaldu du Bilbaok.
Horretaz gain, abenduan Europako Kontseiluak Eskualdeko edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren betetze-mailaren gomendioetan ere bide hori irekitzen zitzaion Gobernuari. “Ez dugu ulertzen zergatik den beharrezkoa horrenbeste denbora Gobernuak hizkuntza-irizpideak zehaztu ditzan” esan du Kontseiluko ordezkariak.
Gauzak horrela, Kontseiluko eledunak urratsak behingoz egiteko eskatu dio Gobernuari. “Zein beste txosten edo azterketa juridiko behar du erabakiak hartzeko?” galdetu du.
Azkenik, Bilbaok gogoratu du hizkuntza-politika modu prekarioan egiteari uzteko garaia ere iritsi dela, eta alderdiei dei egin die egungo marko juridikoaz hausnartzeko: “Honen guztiaren erantzule nagusia indarrean dagoen marko juridikoa da, hori aldatu ez izanak horrela ibiltzea dakar”, esan du Paul Bilbaok.