Mendi lasterketak

Gure probak, Nafarroako Zirkuiturako eta EHko Rankingerako erabakigarriak

Guaixe 2020ko mar. 5a, 11:55
Trikutrail mendi lasterketarako izena ematea bihar, ostirala, zabalduko da.

Tritoiena, Lakuntza Aralar, Trikutrail eta Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala Euskal Herriko Mendi Lasterketaren Rankingerako eta Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako baliagarriak izango dira, eta Etxarriko Mendira Joan Etorria Nafarroakorako Zirkuiturako. Trikutraileko izena ematea bihar zabalduko da

Hastear dago mendi lasterketen aurtengo denboraldia, eta Sakanan antolatuko diren lasterketak, atzera ere, inguruko mendi lasterketen txapelketetarako puntuagarriak izango dira. 

Euskal Herriko Mendi Federazioak 2020ko Mendi Lasterketen Rankingean 25 mendi lasterketa hautatu ditu, tartean Sakanan jokatuko diren lau: maiatzaren 31n Arbizuko kanpinean jokatuko den Tritoiena (21 km), ekainaren 14an jokatuko den Lakuntza-Aralar Mendi lasterketa (25 km), ekainaren 28an Etxarri Aranazko kanpinean antolatu den Trikutrail (21 km) eta irailaren 20an prestatu zen Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala. Aipatu lau proba hauek, aldi berean, Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarriak izango dira, urriaren 4an Etxarri Aranatzen jokatuko den XLV. Mendira Joan Etorria Lasterketarekin (10 km). Guztira 11 probek puntuatuko dute Nafarroako Zirkuituan. 

Horretaz gain, Tritoiena lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Banakako Txapelketa izango da, eta Uharte Arakil-Beriain Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa izanen da, bakarka eta taldeka. 

Bargagain igoera, berria
Aipatutako lasterketez kanpo, Sakanan beste proba batzuk izanen dira, askoz ere herritarragoak direnak. Esaterako, Sutegi taldeak iraileko San Migel festetan Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa antolatuko duela aurreikusten da,  Irurtzunen Trinitate Igoera antolatuko dute Trinitate festetan, Lakuntzan Zabalartek Guardetxe Igoera prestatuko du abuztuko festen bezperan, eta aurten lasterketa berri bat izango dugu, Altsasuko Kukuerreka elkarteak maiatzaren 23an 16:00etan antolatuko duen I. Bargagain Igo eta Jaitsi (12 km). Dagoeneko izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com web gunean. 

Trikutraileko izena ematea bihar, ostirala, zabalduko da
Trikutrail taldetik adierazi digutenez, martxoaren 6an zabalduko dute Etxarri Aranatzen ekainaren 28an jokatuko den Trikutrail lasterketarako izena ematea (www.kronoak.com). Bertan aritzeko asmoa dutenean izena ematea lehenbailehen egiteko gomendioa luzatu du antolakuntzak.