Herri Kirolak

Nafarroako Herri Kirol Jokoak Berriozarren hasiko dira

Guaixe 2020ko mar. 5a, 15:45

Txapelketako lehen jardunaldia Berriozarren jokatuko da, igandean, goizeko 10:30etik aurrera. Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako taldeak lehiatuko dira bertan

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol Institutuarekin batera antolatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoak igandean hasiko dira, Berriozarren. Guztira lau jardunaldi jokatuko dira: martxoaren 8an Berriozarren, martxoaren 15ean Etxarri Aranatzen, martxoaren 22an Antsoainen eta martxoaren 29an Altsasun. Talde onenak apirilaren 5ean Igantzin jokatuko diren final handirako sailkatuko dira. 

Batetik herri kirol proba konbinatuak jokatuko dira –koxkolak, txingak, zakua, korrika eta trontza–, kimuen mailan (11-12 urte, kasu honetan trontzarik gabe), haurren mailan (13-14 urte) eta kadete mailan (15 eta 16 urte). Eta sokatiran haurren mailan (480 kg) eta kadeteen mailan (540 kg) jokatuko da txapelketa. Taldeak mistoak izaten dira. 

Sakanatik, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutako taldeak ariko dira, hainbat kategorietan. Bi ikastola hauetan urteak daramatzate herri kirolak sustatzen eta Nafarroako Txapelketan parte hartzen. Gainontzeko partaideak Berriozar, Basaburua, Araxes, Igantzi, BRT Menditarrak, Artzanegi, Antsoain eta Txantrea klubetatik sortutako taldeetako taldeak izanen dira. Antolakuntzatik adierazi dutenez, neska-mutikoak gustura aritzen dira txapelketa honetan eta irrikaz daude hasteko.