Tuterako Beterri peñan 40 bat pertsona bildu ziren Atekaberts komeni eta Sakaña taldeen arteko saioa entzuteko. Leitzako taldeak irabazi zuen joaneko saioa. Gaur, ostirala, Atarrabiako Etxebeltza Elkartean itzulia izanen da, eta sakandarrek puntuazioari buelta eman beharko diote finalean egoteko. Asteburuan jokatutako bigarren saioan, Anizen, Malerrekako Bertsonautak taldeak irabazi zuen, Lesakako Arranopola taldearen aurretik.
Leitzako Atekaberts komeni taldeak irabazi zuen Tuterako finalaurrekoaren joaneko saioa, baina sailkapena estu gelditu da. Izan ere, Leitzako taldeak 23 puntu jaso zituen eta sakandarrek 21. Hortaz, gaur Atarrabian jokatuko den itzulerako saioan erabakiko da finalerako nor sailkatzen den. Sakaña taldean Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Saats Karasatorre aritu ziren bertsotan. Leitzako taldea Aitzol Eizmendi, Ane Intxausti, Joanes Illarregi eta Miel Mari Elosegi Luze bertsolariek osatu zuten.
Anizen jokatu zen finalaurrekoaren joaneko beste saioa eta Malerrekako Bertsonautak eta Lesaskako Arranopola taldeak aritu ziren. Malerrekakoek irabazi zuten saioa 26 punturekin eta, beraz, pausu bat eman dute Lizarrako finalean sartzeko. Arranopolak 18 puntu jaso zituen. Martxoaren 14an, Goizuetan, bi taldeak aurrez aurre izanen dira itzulerako saioan, eta orduan erabakiko da nor den finalista.
Gaur jakingo da Atekaberts komeni edo Sakaña taldeen artean nor pasako den Lizarrako finalera, Atarrabiako Etxebeltza Elkartean jokatuko den saioan. Bihar, larunbata, Tafallan kanporaketarako joaneko saioa izango da Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeentzat.
Finalaurrekoetatik hiru talde sailkatuko dira finalera. Lizarra ikastolan jokatuko da finala, martxoaren 28ann, 17:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus web orrian, Lizarra ikastolan eta Lizarrako Beinat Etxepare euskaltegian.