Pilota

Finalerdiak: hasteko, bi biko onenen arteko partida

Guaixe 2020ko mar. 6a, 11:36
Zabaleta, Jaka, Ezkurdia eta Martija, asteazkeneko pilota aukeraketan. Argazkia: Aspe.

Ezkurdia-Martija eta Jaka-Zabaleta elkarren kontra ariko dira bihar Labriten (17:30, ETB1). Txapelketa zerotik hasiko dela nabarmendu zuten bi bikoek material aukeraketan, eta faboritoaren presioa gainetik kentzen saiatu ziren Jaka eta Zabaleta

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako 14 jardunaldiak eta aurreko asteburuko play-offak jokatu eta gero, aste honetan hasiko da Jaka-Zabaleta, Ezkurdia-Martija, Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Laso-Albisu bikoteek jokatuko duten finalerdietako ligaxka.

Asteburuan finalerdietako lehen jardunaldia dago jokoan eta goitik hasiko da txapelketa, ligaxkako bi bikote onenen arteko partidarekin: Jaka eta Zabaleta Ezkurdia eta Martijaren kontra. Tentsio handiko partida, zalantzarik gabe. Sakandarren arteko partida bihar jokatuko da, larunbata, leporaino beteta egongo den Iruñeko Labriten (17:30, ETB1). Material aukeraketa asteazkenean egin zuten eta konforme azaldu ziren, baina Ezkurdiak aipatu zuen jokoan hasita pilotak eraldatu egiten direla. “Txapelketa guztian berdina esaten ari naiz, tanto pare bat egiten direnean ikusten duzula materialak ez duela horrenbeste aguantatzen; ikusi behar larunbatean berdina gertatzen ote den” azaldu zuen.

Ezkurdia eta Martija, piloteoaren ekimena hartzera
Ezkurdiak eta Martijak Jaka eta Zabaleta jo zituzten faborito eta hasierako ligaxkako liderren gainean jarri zuten presioa. “Zabaleta une oso onean dago eta Jakak duen guztiari ateratzen dio etekina” azaldu zuen Ezkurdiak. Baina arbizuarrak gaineratu zuen bera eta Martija “une onean” iritsi direla finalerdietara eta Labriteko partida “aprobetxatu beharra” dutela. “Lehen tantotik partidan sartuak egon beharko dugu, eta piloteoaren ekimena edo iniziatiba kendu behar diegu, Jose urduritzen saiatu. Partidaren erritmoa jartzea gakoa izango da. Jose bost eta erdian dominatzen badago, oso zaila izango dugu. Jokoan sartzen eta eurak mugiarazten saiatuko gara” azaldu zuen aurrelari arbizuarrak. Iritzi berdinekoa zen Martija. “Zabaleta sekulako txapelketa egiten ari da eta Jaka eustea asko kosta egiten da, baina aurretik lortu izan dugu. Orain zerotik hasiko gara, eta ongi hastea izango da gakoa, lehen tantoak egitea, konfiantza hartzeko”.

Jakak eta Zabaletak “zerotik” hasten direla nabarmendu zuten
Jaka eta Zabaleta txapelketako faborito nagusiak dira, hasierako ligaxkako 14 jardunaldietatik 12 irabazi eta gero, baina presioa gainetik kentzen saiatu ziren. “Orain arte egindakoak ez du ezertarako balio. Aimarri eta Urrutikoetxeari begiratzea besterik ez dago, finalerdietan biko guztiekin kontatu behar da. Orain Aimar eta Urruti inoiz baino arriskutsuagoak dira” nabarmendu zuen Jakak. Jakaren ustez Ezkurdia eta Martija “oso bikote orekatua” dira, txapelketan gelditzen direnetatik “bikoterik langileena”. “Ez dute tantorik oparitzen, baina gu gogotsu gaude, eta ea orain arte bezala gehitzen jarraitzen dugun” aipatu zuen Lizartzakoak. Bere ustez, gakoa “okerrak ez egitea eta asko aztatzea”izanen da. 
Zabaletak argi utzi nahi izan zuen txapelketa zerotik hasten dela. Hasierako ligaxkan, bi biko sakandarren arteko lehen partidan Jaka eta Zabaleta gailendu ziren, 20 eta 22, eta bigarrenean Ezkurdia eta Martija, 22 eta 19. “Hasierako ligaxkako partiden erreferentziak ez du balio; hor genuen errore-marjina handiagoa zen” nabarmendu zuen Etxarrengoak.

Labritekoa partida lehiatu eta gogorra izango da. Bi bikoak primeran iritsi dira hitzordu garrantzitsu horretara, sentsazio ezin hobeekin, eta goi mailako partida espero da. 

Beste lehia
Finalerdiko lehen jardunaldiko beste partida igandean jokatuko dute Olaizola II.a-Urrutikoetxeak eta Laso-Albisuk, Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak behetik gora egin dute nabarmen eta Lasok eta Albisuk txapelketa ona egin dute.