Beriainen, maiatzaren 9an, larunbatarekin

Guaixe 2020ko mar. 9a, 11:28
Herri ekimenean elkartu diren mendizaleek egin nahi dutenaren irudikapena. Argazkia: utzitakoa.

Burujabetza eta askatasun nahia adierazteko Beriain mendia argiztatuko dute. Sakanako mendizale talde batek sustatu du ekimena, Gure Eskuren laguntza duena. Agendan data gordetzeko eskaera egin dute.

Katalunian lehenik eta Euskal Herrian ondoren, udazkenean hainbat mendi argiztatu zituzten mendizaleek. Kataluniako buruzagi sozial eta politikoak 2017ko lastailaren 1eko erreferendumagatik zigortu zituen epaia salatzeko modu ikusgarria izan zen. Sakanako mendizale batzuk ibarrean halako ekimena egiteko nahia adierazi zuten. Baina udazkenerako eguraldi txarra aurreikusten zutenez, udaberrira atzeratu zuten. Herri ekimen horretako kideek Gure Eskurengana jo zuten, antolakuntzan duen eskarmentuagatik, eta laguntzea erabaki zuen. 

Mendizale sakandarrek Beriain mendia (1.494 metro) maiatzaren 9an argiztatuz “herri edo komunitate gisa burujabetza eta askatasun nahia” adierazi nahi dute. Gaineratu dutenez, “sinbolikoki argia piztuz nork bere burua burujabetzaren eta askatasunaren aktibatzen du. Argia piztea burujabetzarekin eta askatasunarekin konpromisoa erakusteko modua izanen da. Zenbat eta argi gehiago piztu urrutiago iritsiko gara”. Eta nabarmendu dute mendian eginen dela, “askatasun eremuan”. Mendizale antolatzaileek gaineratu dutenez, Beriain mendia maiatzaren 9an argiztatzea elkartasun ekitaldia eta natura zaintzeko konpromisoaren erakustaldia ere izanen da. 

Beriain mendiaren argiztatzearekin bat eginen du Gure Eskuk eta beste hainbat eragilek sustatuko duten “erreferendumaren aldeko herri ekimena” deituriko egitasmoarekin. Hark “burujabe izateko eta mugarik gabe erabakitzeko gehiengoaren nahia” erakutsi nahi du.  

Orain artekoa 
Mendizaleek Beriain argiztatzeko ideia udaberrira atzeratzea erabaki zuten lastailean. Ordutik guztia behar bezala prestatzen aritu dira. Argiztatuko den bidea Unanuko igoera izanen da, zehazki, Iturtxiki gaineko pagaditik gorako bide guztia. Bidea lau zatitan banatu dute: Elorriagoako arrasotik Aldaiko Belazdira, Aldaiko Belazditik Beriain gainera eta, gora igota, bi adar zabalduko dira, bata Beriainpuntarantz eta bestea ermitarantz. 

Gutxieneko mendizaletasuna duen edozein sakandarrek parte hartu dezake ekimenean. Horretarako, izena eman beharko da. Dagoeneko egin daiteke. Aste Santurako nahi dute izen ematea egina egotea, antolakuntzari buruzko azalpenak eman, Unanura joateko moduak, aparkalekuak, mendizale bakoitzaren kokapena, ordutegiak, ardurak eta bestelakoak argi eta garaiz jakinarazteko. 

Mendizale antolatzaileek herri bakoitzeko arduradun bat izendatu dute eta hari eman beharko zaio izena. Bidearen zati bakoitzak ere bere arduraduna eta haren laguntzaileak izanen dituzte. Horrela, guztia behar bezala antolatu nahi dute. Gainera, mendi bidearen zati bakoitzaren ezaugarrien eta zailtasunaren arabera, izena eman duten mendizale trebatuak eta publiko orokorra batean edo bestean kokatuko dituzte. Ahalik eta arrisku gehien saihestea baita asmoa. Mendi gainera igo beharko dutenek lehenago abiatu beharko dute, beranduago besteak. 

Antolatzaileen asmoa da 50 bat metroko argi bat piztea. Beriain argiztatuaren argazkiak egiteko zazpi puntu aurreikusi dituzte. Eta dagoeneko lotu dituzte argazkilariak. Behin argazkiak eginda herri ekimeneko antolatzaileen nahia da parte-hartzaile guztiak Beriainetik jaistea. Horregatik, bukaerarako halako ospakizun edo ekitaldia prestatu dute. 

Eguraldi txarra?
Maiatzaren 9an eguraldiak ez badu laguntzen ekimena bertan behera geldituko da.