Sakanako mugimendu feministak “antolatu indarrak, batu borroka feministara” leloa aukeratu du aurtengo Martxoaren 8rako. Aurreko bi urteetan ez bezala, aurten ez da Greba Feminista deialdirik izanen. Mugimendutik adierazi dutenez, “azken bi urtetan mobilizatzeko eta antolatzeko gaitasuna erakutsi dugu, gizarte-mugimenduaren beste borroka batzuetarako erreferente izan direnak”. Gaztigatu dutenez, grebek milaka emakumeren inplikazioa bultzatu dute feminismo antolatuan, “eta grebaren kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko balio izan digu, orokorrean emakumeok egiten dugun soldatarik gabeko lan ikusezinera hedatuz. Guztion artean gogoeta egiteko ere balio izan digute, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere”.
Mugimendu feministak kaleak betez adierazi nahi du “jendarte eredu hau bizi-gaitza dela pertsona gehienondako, batez ere emakumeondako, eta jasanezina planetarendako”. Feministek nabarmendu dutenez, grebarik egin gabe ere “ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dugu”. Izan ere, Sakanako mugimendu feministarendako “greba feminista emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago da, ez da helburu bat, beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna bat baizik”.
Antolaketa eta borroka
Emakumezkoen auto-antolaketaren beharra azpimarratu dute Sakanako mugimendu feministatik: “neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismoa sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu”.
Gaineratu dutenez, “berdintasun formalari” uko egiten diote eta ez dituzte nahi “ez mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakumezko askoren esplotazioan sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi”. Horregatik, feministek “tokian toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin”.
Igandean, beraz, “suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion, eta xenofobia gure sozializazioaren parte bihurtuz eskubideen zatiketa proposatzen duen arrazakeria instituzionala apurtzeko borrokatuko duen feminismoa aldarrikatuko dugu”. Gaineratu dutenez, “gure feminismoak eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu. Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!”