Xabierko bidean aurrenekoz

Guaixe 2020ko mar. 6a, 14:10
Meza Xabierren. Argazkia: www.iglesianavarra.org

Bi Xabierraldietako aurrena igandean izanen da. Hurrena, berriz, hilaren 14an, heldu den asteko larunbatean.

Nafarroako eta misioen patroi den Xabierko Frantziskoren gazteluak makina bat erromes hartuko ditu hurrengo bi asteburuetan. Xabierraldien 80. edizioa izanen da aurtengoa, “Pauso bakoitzak balio du” lelopean eginen dena. Francisco Perez Gonzalez artzapezpikuak azaldu duenez, leloak “jabearazi nahi digu bizitza bide bat dela, erromesak garela, eta gure helmuga gure Sortzailearekin topatzea dela. Fede bide horretan, egiten goaz, Jainkoaren seme-alaba gisa konfiguratzen goaz”. 

Festa eta penitentzia giroa bat egiten dute erromesen Xabierrerako ibilbidean. Helmuga bera izanda ibiltariak abiapuntua desberdina dute. Badira herritik Xabierra bitarteko bidea egiten dutenak, Noaindik abiatzen direnak edo Zangoza bertatik. Igandean erromesak 08:00etan dute hitzordua Zangozan. Handik Xabierrerainoko gurutze bidea abiatuko da. Hura despeditzean, 10:00etan, meza izanen da gazteluko zelaian. Bigarren Xabierraldian, hilaren 14an, gurutze bidea 15:00etan abiatuko da Zangozatik eta elizkizuna 17:00etan eginen da. 

Herenegun hasi eta hilaren 12an bukatuko da Grazia bederatziurrena. Egun horietan Nafarroako eskualdeetako fededunek erromesaldiak eginen dituzte Xabierrera. Sakana hartzen duen Mendialde eskualdetik asteartean Xabierrera joanen dira eta elizkizun bateratuan bat eginen dute. Egun hauetan Xabnierko basilikak mezak 06:00etan, 13:00etan, 16:00etan eta 18:00etan hartuko ditu elizkizunak. Auditorioak, berriz, 12:00etan.