Hautetsiei hizkuntza-normalizaziorako tresnak emateko

Guaixe 2020ko mar. 10a, 15:13
Sakanako Mankomunitatearen batzar bat. Artxiboa.

Alkate, zinegotzi eta Euskara Batzordeetako kideendako prestakuntza-saioa izanen da martxoaren 25ean, asteazkenarekin, 17:00etatik 19:00etara.

Legegintzaldi berria joan den urtean hasi zen eta harekin batera 14 alkatek eta 100 zinegotzik hartu zuten kargua (Iturmendiko Udala ez zen berritu eta gobernuak Kudeaketa Batzordea izendatuko du).  114 udal hautetsi horiek beraien lanerako hizkuntza-normalizazioaren inguruko tresnak izan ditzaten prestakuntza-saioa antolatu dute. Beraiendako eta herrietako Euskara Batzordeei zuzenduta. 

Saio horretan, aurrena, soziolinguistika arloko oinarrizko kontzeptuak ezagutaraziko dizkiete, besteak beste, hizkuntza politika eta hizkuntza plangintza zer diren ulertu eta bereiztea. Horrekin batera, Euskara Zerbitzuen funtzioak diren ezagutaraziko dizkiete. Eta, bukatzeko, araudiari buruzko oinarrizko informazioa eskuratuko dute hautetsiek. Nafarroako Euskara Zerbitzuen Sareak antolatutako prestakuntza-saio hori Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen egoitzan izanen da, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, 17:00etatik 19:00etara. Izena eman nahi duenak martxoaren 20a baino lehen egin beharko du euskara@sakana-mank.eus e-posta helbidean.