Pilota

Hordagoa!

Guaixe 2020ko mar. 9a, 11:26

Joseba Ezkurdia izar handien pare ibili zen. Argazkia: Aspe.

Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak 22 eta 16 irabazi zieten Erik Jakari eta Jose Javier Zabaleta partida gogor bezain ikusgarrian

Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia ikusgarria izan da. Larunbatean hasierako ligaxkako bi biko onenak, Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija, elkarren kontra aritu ziren leporaino beteta zegoen eta sekulako giroa zuen Labrit pilotalekuan. Jaka eta Zabaleta ziren faborito, baina Ezkurdiak eta Martijak pronostikoa hautsi zuten eta partida oso gogorrean –685 tanto gurutzatu ziren guztira–, biko sakandarrak hordagoa jo eta lehen tanto erabakigarria poltsikoratu zuen zaletasuna sortzen duen partida ikusgarrian. 

Partida estua eta erritmo handikoa izan zen, eta tantoak, oso gogorrak. Hasieran Jaka eta Zabaleta aurreratu ziren, 0 eta 2, baina berehala erantzun zuten Ezkurdiak eta Martijak, eta launa berdindu eta gero, 8 eta 5 aurreratu ziren. Inork ez zuen ezer oparitzen, eta parez pare ibili ziren bi bikoak. Hortik aurrera, aldea atera zuten sakandarrek. Julen Martija bikain baten laguntzarekin, Ezkurdiaren erasoaldia hasi zen. Material aukeraketan esana zuen arbizuarrak, Zabaleta atzelari etxarrendarra urduri jarri eta partidatik ateratzea zela gakoa. Eta horretan saiatu ziren sakandarrak, eta lortu ere; erritmoa izugarri bizkortu zuten eta Jakari eta Zabaletari ez zieten euren jokoa egiten utzi. Tanto luze eta gogorretan, lau pilotariek dena eman zuten; erasoan bikain eta defentsan sendo ibili ziren Ezkurdia eta Martija, eta euren jokoa egin ezin zutela ikusita, itotzen hasi ziren Jaka eta Zabaleta, estu eta larri, eta zenbait akats egin zituzten, 11 eta 8-koa, esaterako. Horrela, 12 eta 8 ihes egin zuten Ezkurdiak eta Martijak. Alde horri eutsi zioten Arbizuko aurrelariak eta Martijak, eta 15 eta 10era joan ziren. Ezkurdiak agintea hartu zuen, erritmoa estutu eta Erik Jaka defentsan aritzera behartu zuen. Atzeko koadroetan Martijak ongi eutsi zion Zabaletari eta tarteka bizkarra erakutsi zion etxarrendarrari; eta Ezkurdia izar handien pare aritu zen, partidaren zama bere gain hartuta.

Jakak eta Zabaletak ez zuten amore eman, ongi erantzuten jakin zuten eta 16 eta 14ra eta eta 17 eta 16ra gerturatu ziren, tanto luze eta gogorretan. Baina Ezkurdiak une erabakigarrian bikain erantzuten jakin izan zuen, eta ongi eutsi zuen Martijarekin, 21 eta 16 aurreratu ziren sakandarrak. Azken tantoa erreboteraino bidali zuen Ezkurdiak eta Zabaletak ezin izan zuen erantzun. Eta garaipen garrantzitsu horrekin finalerako bidean balio handiko puntua lortu zuten Ezkurdiak eta Martijak. 

Beste finalerdia atzo jokatu zuten, Bizkaia pilotalekuan, Aimar Olaizolak eta eskuzko minez dagoen Mikel Urrutikoetxea ordezkatu zuen Aitor Arangurenek, Unai Lasoren eta Ander Albisuren kontra. Olaizolak eta Arangurenek irabazi zuten, 22 eta 10. 

Hurrena, finalerdietako 2. jardunaldia
Finalerdietako 2. jardunaldian, Jakak eta Zabaletak Laso eta Albisu izanen dituzte aurkari larunbatean Labriten (17:30, ETB1). Eta igandean, Eibarko Astelenan, Ezkurdia eta Martija Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen kontra ariko dira (17:00, ETB1). Finaleko pasea lortzeko bidean garaipena lortzera behartuta daude bi bikoak, lehen jardunaldiko galtzaileak bereziki, eta lehia oso estuak espero dira.