Futbola

Preferentea: Lagun Artea bigarren postura igo da eta Etxarrik ezin izan du azken postua gainditu

Guaixe 2020ko mar. 9a, 12:18
Etxarri Aranatz saiatu zen, baina ezin izan zituen puntuak lortu eta azken postuan jarraitzen du.

Preferente maila. 21. jardunaldia: Lagun Artea 3 – Aibares 1 / Etxarri Aranatz 0 – Ilunberri 1

Preferente mailan, aurreko jardunaldiko porrota ahaztu egin zuen Lagun Arteak, Aibares taldeari etxean 3 eta 1 irabazi eta gero. Lagun Arteak baja asko zituen, baina hala ere lakuntzarrak Oibarkoak baino gehiago izan ziren, eta bosgarren minuturako Gaizkak Lagun aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian Yonatanek Lagunen bigarrena sartu zuen, baina partida bukaera aldera Aibaresek gola sartu eta 2 eta 1 gerturatu zen. Dena den, minutu bat beranduago Unaik lakuntzarren hirugarren gola sartu zuen eta horrela bukatu zen partida. Garaipenari esker, Lagun Artea sailkapeneko 2. postura igo da. 

Etxarri Aranatzek Ilunberri hartu zuen San Donato zelaian. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak, eta ez zituzten aukera aipagarriak sortu. Hala ere, 32. minutuan Ilunberrik etxarriarren atea zulatzea lortu zuen. Bigarren zatian Etxarri Aranatzek partida dominatu zuen guztiz, eta Ilunberri defentsara mugatu zen. Gol aukera ugari lortu zituen Etxarrik, baina ez zuten Ilunberrikoen defentsa apurtzea lortu eta hiru puntuek ihesi egin zuten. 

Sailkapenean Beti Casedano da liderra (39 puntu) eta puntu bakarrera dago Lagun Artea (38 puntu). Etxarri Aranatzek, aldiz, 16. eta azken postuan jarraitzen du (18 puntu), jaitsiera postuetan, eta mailari eustea, hori da erronka, partidaz partida joatea. Hurrengo jardunaldian sailkapenean 5. postuan dagoen Ondalan taldearen kontra lehiatuko dira etxarriarrak, eta ea hiru puntuak lortzerik duten. Bestalde, sailkapenean 8. postuan dagoen Ardoiren kontra ariko da Lagun Artea, Zizurren.