Helduen artean euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Aurten bigarren edizioa izanen du ariketa kolektibo horrek, azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen dena. Sakanako 13 herrik eman dute izena dagoeneko Euskaraldian, eta herri batzordeak ere sortu dituzte. Horietako herri batzorde batzuk lanean hasi dira eta lehentasunak adostu dituzte. Beste batzuk, martxa hartzen hasiak dira.
Gaurko bileraren helburua da ibarreko Euskaraldiko herri batzorde guztiak elkartzea, elkarren berri ematea eta Sakana mailan koordinatzea. Horretaz aparte, ariketa sozialak aurten berritasuna dakar berarekin: ariguneak. Uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten espazioak dira ariguneak eta, besteak beste, izan daitezke erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kultur edota kirol elkarteak. Herri batzorde bakoitzak erabakiko du zein arigune landu bere herrian. Baina badira ibar guztian eragiten duten batzuk. Guztien artean Sakanako lehentasunezko ariguneak identifikatzea proposatuko da.