Laburbira hasi da

Guaixe 2020ko mar. 11a, 09:16
Yolanda Mazkiaranen 'Kateak' film laburraren posterra. TOPAGUNEA

Bederatzi film labur osatzen dute Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Laburbira, Euskarazko Film Laburren XVII. Zirkuituak. Tartean Yolanda Mazkiaran altsasuarraren lana dago

Euskaltzaleen Topagunearen hamazazpigarren Laburbira film laburren zirkuitua hasi zen astelehenean, martxoaren 9an eta apirilaren 8ra arte Euskal Herriko bazterrak zeharkatuko ditu. Guztira, 33 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren birak. Gainera, Euskal Herriko mugak gaindituko ditu eta Valladolid, Valentzia, Londres eta Paris hiriak bisitatuko ditu. Baderatzi film laburrek osatzen dute aurtengo Laburbira, eta haietatik sei emakumezkoenak dira. Egileen artean Yolanda Mazkiaran altsasuarra dago, Kateak film laburrarekin.

Laburbira XVII. ediziora 27 ikus-entzunezko aurkeztu dira, baina bederatzi film labur izango dira protagonistak. Proiekzioak dagoeneko hasi dira, eta bost astetan 33 herritan emanaldiak izango dira. Hala ere, zirkuitua ez da Sakanatik pasako. Proiekzioak ez ezik, ikus-entzunezkoen zuzendariekin solasaldiak ere antolatu dituzte zenbait herritan. Esaterako, Mazkiaran martxoaren 25ean Hernanin egongo da eta martxoaren 27an Irunen. Kateak deitutako film laburra aurkeztu du altsasuarrak.

XVII. Laburbira osatzen duten film laburrak (informazio guztia eta herrien zerrenda Topagunearen webgunean):

  • Gau beltza (Euskaltzaleen Topagunea)
  • Urak dakarrena (Marilin taldea)
  • Anti (Josu Martinez)
  • Tigre bat (Amaia San Sebastian)
  • Pil Pil (Kristina Zorita)
  • Mamarro (Ibon Iza Totorika)
  • Kateak (Yolanda Mazkiaran)
  • Jauzi bat eta Prixt (Maitane Eyheramonho)
  • Harria Herria (Dimegaz Kultur Elkartea)