Txirrindularitza

Espainiako Vuelta Sakanatik pasako da

Guaixe 2020ko mar. 11a, 14:16
2014ko Espainiako Vueltako etapa bat Aralarko santutegian despeditu zen.

Atzo aurkeztu zituzten Nafarroatik pasako diren Espainiako Vueltako bi etapak, Nafarroa Arenan. Etapa bat Urbasatik sartuko da Sakanara, Sakana gurutzatuko du Uharte Arakileraino eta pistatik Aralar santutegira igoko da, gero Lekunberriraino jaisteko

Aurten jokatuko den 75. Espainiako Vueltak bi etapa eginen ditu Nafarroan. Vueltako antolatzaileak, Unipublicek, atzo aurkeztu zituen aipatu bi etapak Nafarroa Arenan egindako ekitaldian. Unipubliceko zuzendari Javier Guillenek eman zituen azalpenak, alboan bi etapa hauen irteerak eta helmugak hartuko dituzten herrietako alkateak –Enrique Maya (Iruñea), Gorka Azpiroz (Lekunberri) eta Pablo Azcona (Lodosa) zituela. Haiekin batera Movistar Team taldeko Jose Luis Arrieta zuzendari uhartearra, Astanako Oscar Rodriguez txirrindularia eta Miguel Indurain txirrindulari ohia izan ziren, etaparen ezaugarriak aipatzen, Juan Mari Guajardo speaker altsasuarraren galderak erantzunez. Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde ere ekitaldian izan zen, Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko beste ordezkariekin batera. 

Urbasako portutik Olaztira heldu eta Uhartetik San Migel igoko dute
Espainiako Vueltak 160 kilometro egingo ditu Nafarroan, bi etapetan. 5. etapa Iruñean hasi eta Lekunberrin despedituko da (151 km), abuztuaren 19an, eta 6. etapa Lodosan hasiko da abuztuaren 20an eta Soriako Laguna Negran despedituko da. Hain zuzen 5. etapa hori Sakanatik pasako da. Iruñean hasita, Lizarrara joko dute txirrindulariek, eta 3. mailako Urbasako portua igo eta gero, Olaztira jaitsiko dira. Segidan, Sakana zeharkatuko dute Uharte Arakileraino eta pistatik 1. mailako Aralarko San Migel santutegira igoko dira, gero Lekunberriko helmugaraino jaisteko. 

Aurkezpenean, bi etapa hauek “oso lehiatuak” izango direla eta Nafarroarendako “bi etapa garrantzitsu” izango direla nabarmendu zuen Javier Guillenek. Halaber, Oscar Rodriguez txirrindulariak Nafarroako etapak “oso gogorrak” izango direla gaineratu zuen.