Pilota

Aspe eta Baiko koronabirusarengatik Binakako txapelketan zer egingo duten aztertzen ari dira

Guaixe 2020ko mar. 11a, 13:50
Enpresek ez dute erabakia hartu, baina Jaka-Zabaletak eta Laso-Albisuk larunbateko Labriteko materiala aukeratu dute gaur. Argazkia: Baiko.

Binakakoa pilotalekua itxita jokatzea, publikorik gabe, edo Txapelketa atzeratzea aztertzen ari dira

Asteburuan Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako 2. jardunaldia da jokatzekoa, baina koronabirusaren inguruan hartu beharreko erabakiek Binakakoa ukitu dute, eta zein neurri hartu, hori ari dira aztertzen gaur Aspe eta Baiko pilota enpresak. Goizeko 9:30etik horretan ari dira bi enpresak, eta bi aukera omen dituzte aztergai: asteburuko bi partidak pilotalekua itxita jokatzea, publikorik gabe, edo Binakako Txapelketa atzeratzea. 

Larunbatean Jaka-Zabaleta eta Laso-Albisuren arteko partida jokatzekoa da Labriten (17:30, ETB1). Oraindik ez dakigu zer gertatuko den, baina nolanahi ere gaur, asteazkenean, materiala aukeratu dute bi bikoek. Eta igandean, Eibarko Astelenan, Ezkurdia-Martija eta Olaizola II.a-Urrutikoetxea elkarren artean aritzekoak dira (17:00, ETB1). Partida honetarako material aukeraketa bihar eginen da, ostegunean, goizeko 11:00etan, Eibarren.