Herri kirolak

Sakandarrek ongi ekin diote Nafarroako Herri Kirol Jokoei

Guaixe 2020ko mar. 12a, 16:59

Igandean 1. jardunaldia jokatu zen Berriozarren. Proba konbinatuetan Andra Mari haurren mailan bigarrena eta kadeteetan hirugarrena sailkatu zen eta sokatiran haurren mailako A multzoan Iñigo Aritza eta B multzoan Andra Mari gailendu ziren eta kadeteetan Andra Mari

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen lehendabiziko jardunaldia jokatu zen Berriozarren. Frontoia leporaino betea zela, Nafarroako 10 klubetatik sortutako taldeak lehiatu ziren herri kirol proba konbinatuetan eta sokatiran. Ondoko klubetako taldeak aritu ziren:  Berriozar, Basaburua, Araxes, Igantzi, BRT Menditarrak, Artzanegi, Antsoain, Txantrea eta Sakanako Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletatik sortutako taldeak. 

Kimuen mailako herri kirol proba konbinatuetan -koxkolak, txingak, zakua eta korrika– 20 talde lehiatu ziren, multzoka banatuta. Denbora onena Araxes taldeak egin zuen (6:32). Andra Mari 6 taldea 4. postuan sailkatu zen (6:52), Andra Mari 4 taldea 5. postuan (6:53), Iñigo Aritzako Gainsol 6. postuan (6:59), Iñigo Aritzako Intsusburu 7. postuan (7:03), Iñigo Aritzako Bargagain 9. postuan (7:05), Andra Mari 7 taldea 11. postuan (7:06), Andra Mari 5 taldea 13. postuan (7:18), Andra Mari 2 taldea 16. postuan (7:28), Andra Mari 1 taldea 19. postuan (7:46) eta Andra Mari 3 taldea 20. postuan (7:53). 

Haur mailako herri kirol proba konbinatuetan –koxkolak, txingak, zakua, korrika eta trontza– 10 talde lehiatu ziren, multzotan banatuta, eta Igantzi izan zen onena (8:54). Andra Mari 3 taldea bigarrena sailkatu zen (9:07), Andra Mari 2 taldea 7. postuan (10:36), Andra Mari 1 taldea 9. postuan (11:09) eta Iñigo Aritza 10. postuan (11:48). Kadeteen mailako herri kirol proba konbinatuetan –koxkolak, txingak, zakua, korrika eta trontza– Araxes izan zen finena (9:44), Basaburua (10:07) eta Andra Mari (10:11) taldeen aurretik. 

Sokatiran sakandarrak nagusi
Sokatiran Sakanako taldeek agindu zuten. Haurren mailako A multzoan Iñigo Aritza taldeak jokoan zeuden 4 tiraldiak irabazi zituen eta lider jarri zen. Andra Mari 2 taldeak 2 tiraldi irabazi zituen eta 3. postuan dago. Eta haurren mailako B multzoan Andra Mari 3 taldea izan zen gailendu zena, 4 tiraldiak irabazita, Andra Mari 1 taldearen aurretik (3 tiraldi). 

Kadete mailako sokatiran ere ongi ibili ziren gurek. A multzoan Andra Mari 1 taldeak jokoan zeuden 4 tiraldiak irabazi eta A multzoko liderra da (4 puntu). Aldiz, B multzoan Berriozar B taldeak irabazi zituen 4 tiraldiak eta Andra Mari 2 taldeak bakarra irabazi zuen. 

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen 2. jardunaldia jokatzekoa zen, Etxarri Aranatzen, baina koronabirusarengatik Nafarroako Gobernuak Nafar Kirol Jolasetako txapelketa eta partida guztiak 15 egunez atzeratzea erabaki duenez, bertan behera gelditu da Etxarriko jarduna. Nafarroako Herri Kirol Federazioak aurrerago zehaztuko du zer gertatuko den txapelketarekin.