Koronabirusak bazter guztiak aztoratu ditu, eta kirolak, bete betean. Ondorioz, kirol ekitaldi gehienak bertan behera geratuko dira.
Asteazkenean Nafarroako Kirol Institutuak erabaki zuen Nafar Kirol Jolasak 15 egun atzeratzea. Hau da, eskola-kirol guztia bertan behera geldituko da bi aste hauetan, printzipioz martxoaren 28 eta 29ko asteburura arte. Beraz, hurrengo 15 egunetan txikienen kirol txapelketa eta ekitaldi guzti-guztiak –futbola, saskibaloia, pilota, igeriketa, taekwondoa, karatea, herri kirolak… kirol guzti guztiak– bertan behera geratu dira.
Etxarrin igandean jokatzekoa zen Nafarroako Kirol Jokoen 2. jardunaldia, bertan behera
Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol Institutuarekin batera antolatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoak igandean hasi ziren Berriozarren. Nafarroako 10 klubetatik sortutako taldeak ari dira bertan lehiatzen, tartean Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako taldeak. Bada, 2. jardunaldia igandean zen jokatzekoa Etxarri Aranatzen, eta bertan behera geratu da ekitaldia.
Nafarroako Herri Kirol Federaziotik azaldu digutenez, printzipioz 15 egunerako atzeratuko da txapelketa. Hortaz, igande honetan Etxarri Aranatzen eta martxoaren 22an Antsoainen jokatzekoak ziren jardunaldiak bertan behera geldituko dira. Txapelketako 4. jardunaldia martxoaren 29an da jokatzekoa Altsasun. “Ez dakigu txapelketa atzeratzeko aukerarik izango dugun, normalean txapelketa Aste Santua baino lehenago jokatzen delako. Aztertuko dugu ea atzeratzeko modurik egongo den, edo aurten soilik Berriozarko lehen jardunaldia, Altsasuko laugarrena eta Igantziko apirilaren 5eko finala jokatzen diren. Dena den, ez dakigu ere zertan geratuko den hau guztia, soilik 15 egunerako atzeratuko diren kirol ekitaldiak edo luzeragorako joko duen” adierazi du Nafarroako Herri Kirol Federazioko arduradunak.
Nafarroako Futbol, Saskibaloi eta Eskubaloi federazioek kategoria guztietako partidak atzeratzea erabaki dute
Nafarroako Gobernuak Nafar Kirol Jolasak 15 egun atzeratzeko hartutako erabakiarekin bat egin dute Nafarroako Futbol Federazioak, Nafarroako Saskibaloi Federazioak eta Nafarroako Eskubaloi Federazioak, eta kategoria guztietako partidak 15 egun atzeratzea erabaki dute. Hortaz, ez da helduen, gazteen ez haurren inolako futbol, saskibaloi ez eskubaloi partidarik jokatuko.