Erreferenduma helburu duten sinadurak

Guaixe 2020ko mar. 12a, 19:31

Aurkezpenean eragile guztietako ordezkariak izan ziren.

Hamaika Gara ekimena abiaraziz Gure Eskuk, hainbat eragile sozialekin elkarlanean, erreferendumaren aldeko sinadura bilketa hasi du. www.hamaikagara.eus web orrian sinatzeko aukera zabalik dago dagoeneko 16 urtetik gorako euskal herritarrek eta diasporako herritarrek sinatu dezakete.

Hamaika Gara ekimena aurkezterakoan Gure Eskuko kideek egitasmoaren sustatzaile diren erakundeetako ordezkariak izan dituzte aldamenean. Guztien artean Elkargunea deitutako elkarlanerako espazio berri bat sortu dute. Gaztigatu dutenez, espazio berri horrek “ateak zabalik ditu herri ekimenarekin bat egin nahi duten eragile guztiendako”.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Hamaika Gara “sinadura bilketa masibo bat izanen da; etorkizun politikoaz eta gai guztiez erreferendum bidez erabakitzearen alde, erabakitzeko eskubidea arautzea helburu duena”. Ekimenaren sustatzaileek nabarmendu nahi izan dute, ez dela sinadura bilketa soil bat izanen. “Aldi berean, mota guztietako ekintza eta mobilizazioak iragarri dituzte 2020ko udaberrirako”. Aurreratu dutenez, maiatzaren 16an Durangon mobilizazio egun handia prestatzen ari dira. Gainera, garagarrilaren 13an herrietan Hamaika Gara egunak antolatuko dituzte. “Ekintza kolektibo masibo bat eramanen dugu aurrera, herritarron konpromisoak pilatu eta pauso eraginkorrak egiteko”.

Ekimenaren sustatzaileek azaldu zutenez, “sinetsita gaude erakunde, eragile eta herritarron ardura dela demokrazian sakondu, eta gure etorkizuna erabakitzeko bidean aurrera egitea”. Horregatik, sinadura bilketak oinarri duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adieraziko dute. Eta, era berean, tokian toki hala erabakita,eskaera zehatzak bideratuko zaizkie Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, Eskaera Eskubidearen bidez. Argi utzi dute, hori bai: “erantzuna bat ala bestea izan, herritarrok gure bidean aurrera egingo dugu. Arduraz jokatuko dugu”.

Sinadura bilketa nagusiki digitala izanen da. Horretara, www.hamaikagara.eus webgunera jo beharko da. Herrietako taldeen bidez paperean sinatzeko aukera ere laster martxan izanen da. Digitalki zein paperean sinatu, emandako atxikimendua kalean adierazteko aukera egonen da dinamikaren elementu nagusia izango den eskumuturrekoaren bidez. Azaldu dute helburu bikoitza dutela eskumuturrekoek; batetik, kanpaina indartzea sinatzaileek konpromisoa kalean adieraziz eta, bestetik, ekimena finantzatzea. Herrietako taldeen bidez eta online dendan eskuratu ahalko dira datozen egunetatik aurrera.


Sustatzaileak, oraingoz
AEK, ANC Euskal Herria, Bilgune Feminista, Demokrazia Bai, Euskal Herrian Euskaraz, EHNE, Euskal Herria Kirola, Erabakizaleak, Ernai, ESK, Etxalde, Etxerat, Gaur Geroa, Gure Esku, Hiru, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, LAB, Lumagorri, Nor, Olatu Koop, Oneka, Sare eta Steilas.