Asteburuan Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako 2. jardunaldia jokatzekoa zen. Aurreko larunbatean, Labriten, Ezkurdiak eta Martijak 22 eta 16 irabazi zieten Jakari eta Zabaleta partida gogo eta ikusgarrian, eta igandean, Bizkaian, Aimar Olaizolak eta Urrutikoetxea ordezkatu zuen Arangurenek 22 eta 10 hartu zituzten mendean Laso eta Albisu. Asteburu honetan 2. jardunaldia jokatzekoa zen. Larunbatean, galtzaileak lehiatzekoak ziren Labriten: Jaka eta Zabaleta Lasoren eta Albisuren kontra. Eta, igandean, Astelenan, Ezkurdiak eta Martijak Olaizola eta Urrutikoetxea zituzten aurkari.
Koronabirusarengatik Espainiako Gobernuak hartutako erabakia aztertzeko –kirol lehiaketak ateak itxita jokatzea– asteazkenean batu egin ziren Esku Pilota Enpresen Liga (EPEL) osatzen duten Aspe eta Baiko enpresak, baina ez ziren adostasunera iritsi. Txapelketa ateak itxita jokatzea, publikorik gabe, zen aukera bat. Baina horrek diru sarrerarik gabe utziko lituzke enpresak. Bestea, txapelketa atzeratzea, honek ekarriko lituzkeen egutegi gorabehera eta kirolarien prestakuntzaren eraginekin.
Bitartean, Jaka-Zabaletak eta Laso-Albisuk asteazkenean partidarako materiala aukeratu zuten, eta atzo berbera egin zuten Ezkurdia-Martijak eta Olaizola-Urrutik. Azkenik, atzo atzera ere bildu ziren EPEL osatzen duten enpresak, txapelketarekin zer egin behingoz erabakitzeko.
EPEL: "Osasuna bermatzea da lehenengoa"
EPEL-ek Binakako Txapelketa atzeratzea erabaki du, baina ez du datarik zehaztu. Hau da, ez dakite noiz arte atzeratuko den Binakakoa. "Gure jaialdietan parte hartzen duten pertsona guztien osasunak kezkatzen gaitu, pilotari, teknikari, langile eta ikusleen osasunak. Egun, ezin ditzakegu programatuta dauden pilota jaialdi eta txapelketak normaltasunez bermatu, eta koronabirusaren aurrean egokiena txapelketa atzeratzea iruditu zaigu. Txapelketa berme guztiekin jokatzeko baldintzak daudenean erabakiko dugu noiz jokatuko den txapelketa. Erabaki honek ikusle eta pilota zaleengan sortu ditzakeen kalteengatik barkamena eskatzen dugu" dio EPEL-ek kaleratu duen oharra.