Koronabirusak bazter guztiak aztoratu ditu. Kirola bete-betean harrapatu du gaitz honek, eta, ondorioz, kirol ekitaldi gehienak bertan behera geratuko dira, kategoria txikietatik hasita, lehen mailako edo profesional mailako kirol ekitaldietara.
Gobernuaren erabakia
Asteazkenean Nafarroako Kirol Institutuak erabaki zuen Nafar Kirol Jolasak 15 egun atzeratzea. Hau da, eskola-kirol guztia bertan behera geldituko da hurrengo bi aste hauetan, printzipioz martxoaren 28 eta 29ko asteburura arte. Beraz, hurrengo 15 egunetan txikienen kirol txapelketa eta ekitaldi guzti-guztiak –futbola, saskibaloia, pilota, igeriketa, taekwondoa, karatea, herri kirolak… hau da, kirol guzti guztiak– bertan behera geratuko dira.
Etxarri Aranatzen etzi jokatzekoa zen Nafarroako Kirol Jokoen 2. jardunaldia, bertan behera
Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirol Institutuarekin batera antolatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoak igandean hasi ziren Berriozarren. Nafarroako 10 klubetatik sortutako taldeak ari dira bertan lehiatzen, tartean Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako taldeak. Bada, 2. jardunaldia igandean zen jokatzekoa Etxarri Aranatzen, eta bertan behera geratu da ekitaldia.
Nafarroako Herri Kirol Federaziotik azaldu digutenez, printzipioz 15 egunerako atzeratuko da txapelketa. Hortaz, igande honetan Etxarri Aranatzen eta martxoaren 22an Antsoainen jokatzekoak ziren jardunaldiak bertan behera geldituko dira. Txapelketako 4. jardunaldia martxoaren 29an da jokatzekoa Altsasun. “Ez dakigu txapelketa atzeratzeko aukerarik izango dugun, normalean txapelketa Aste Santua baino lehenago jokatzen delako. Aztertuko dugu ea atzeratzeko modurik egongo den, edo aurten soilik Berriozarko lehen jardunaldia, Altsasuko laugarrena eta Igantziko apirilaren 5eko finala jokatzen diren. Dena den, ez dakigu ere zertan geratuko den hau guztia, soilik 15 egunerako atzeratuko diren kirol ekitaldiak edo luzeragorako joko duen” adierazi du Nafarroako Herri Kirol Federazioko arduradunak.
Nafarroako Futbol, Saskibaloi eta Eskubaloi federazioek kategoria guztietako partidak atzeratzea erabaki dute
Nafarroako Gobernuak Nafar Kirol Jolasak 15 egun atzeratzeko hartutako erabakiarekin bat egin dute Nafarroako Futbol Federazioak, Nafarroako Saskibaloi Federazioak eta Nafarroako Eskubaloi Federazioak, eta kategoria guztietako partidak 15 egun atzeratzea erabaki dute. Hortaz, ez da helduen, gazteen ez haurren inolako futbol, saskibaloi ez eskubaloi partidarik jokatuko.
Arbizuko Zumbathoi Solidarioa, bertan behera
Iganderako IV. Arbizuko Zumbathoi Solidarioa antolatuta zegoen Arbizuko kiroldegian. Aurten txakurrek lagundutako terapiak egiten dituen Biak BAt elkartearen aldekoa zen Arbizuko Zumbathoia, eta "goiz dibertigarri, kirolari eta solidarioa" pasatzea zen asmoa. Goizeko 10:00etan txikienendako 1,2 kilometroko lasterketa zegoen antolatuta, ondoren txokolatada eta, goizeko 11:00etatik aurrera, Zumbathoia, zazpi monitore ezberdinek gidatuta. Bukaeran zozketak aurreikusten ziren, eta sarrerengatik lortutakoa Biak Bat elkarteari ematea zen asmoa, elkarteak egiten duen lanari aitortza eman eta laguntza emateko. Baina koronabirusak bertan behera utzi du ekimena.
Pena handiarekin, baina ekimena atzeratzea erabaki dute antolatzaileek, gomendioei kasu egitea. Egoerak nola eginen duen aurrera ez dakite, eta ezjakintasun horretan erabakia garaiz hartu nahi izan dute. "Ez dakigu noiz egingo dugun, zurrunbilo hau guztia pasatzerakoan hartuko dugu erabakia" adierazi du Arbizuko Mayra Palop zumba monitoreak.
Lilasterketa, bertan behera
Igandean, 12:00etan, VII. Lilasterketa jokatzekoa zen Altsasuko Iortia zabalgunean, emakumezkoen lasterketa ez lehiakorra. Orain arte Altsasuko Berdintasun Zerbitzuak antolatzen zuen, baina aurten joan den urtean sortutako Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean antolatua zegoen proba, ekimena Sakanako emakume guztiei zabaltzeko. Baina, koronabirusarengatik, antolatzaileek bertan behera utzi dute proba.
Igandeko Altsasuko Udaberri Trofeoa ere, bertan behera
Igandean Nafarroako juniorren txirrindularitza denboraldiko bigarren lasterketa jokatzekoa zen Altsasun, Burunda txirrindularitza taldeak antolatutako XXXV. Udaberri Trofeoa, hain zuzen ere. 80 km-ko proba goizeko 10:30ean hastekoa zen, eta txirrindulariek Altamira hirutan igo beharra zuten. Tropel onena espero zen Altsasun, tartean txirrindulari sakandarrak, proba irabazteko faboritoak. Baina atzo arratsaldean koronabirusaren aurrean administrazioak egindako gomendioak jarraitzea erabaki zuen Burunda Txirrindularitza Taldeak eta proba bertan behera gelditu da.
Osasuna Magna Xota geldirik: ligako 2 jardunaldi atzeratuta
Koronabirusa dela eta, Areto Futboleko Ligako hurrengo bi jardunaldiak atzeratzea erabaki du Espainiako Futbol Federazioak. Hortaz, ostiralean Osasuna Magna Xotak PeÒiscolaren kontra jokatu beharreko partida eta martxoaren 19an Anaitasunan talde berdeak BarÁaren kontra jokatu beharreko partida atzeratu egin dira. Hortaz geldirik egongo da Imanol Arregiren taldea. Horretaz gain, futboleko 1. eta 2. mailako ligako hurrengo jardunaldiak ere atzeratzea erabaki du federazioak.
Binakako Pilota Txapelketa, atzeratuta
EPEL-ek atzo erabaki zuten Binakako Pilota Txapelketa atzeratuko dutela. Erabaki gogorra izan da, eta oraindik ez dute zehaztu txapelketak noiz izanen duen jarraipena, baina osasuna bermatzea garrantzitsuena dela uste dute. Finalerdietako 2. jardunaldia zen jokatzekoa, baina bertan behera geratu da txapelketa “egoerak onera egin eta txapelketa jokatzeko baldintza guztiak betetzen direnera arte”.