Dorraok araztegi berria izanen du 2021ean

Guaixe 2020ko mar. 13a, 14:46

Gregorio Berrozpe, Idoia Resano, Bernardo Ziriza, Emeterio Senar eta Fernando Mendoza.

Lizarragan egindakoaren antzekoa izanen da. Egungoa dagoen toki berean eginen da. Nilsa enpresa publikoak 413.000 euroko inbertsioa eginen du eta lanak emateko deialdia urte bukaeran egitea aurreikusi du.

Dorraoko Kontzejuak heldu den urtean ur-araztegi berria izanen du, gaitasun handiagokoa. Gaur egun IMhoff izeneko arazketa-tanga bat du Leziza ibaiaren eskuinaldean, herritik 190 metrora. Tanke horretaraino bi isurbide iristen dira: bata ekialdetik iristen dena eta herritarren isurketa gehiena biltzen duena, eta bestea mendebaldeko muturreko hainbat etxebizitzatako urak pilatzen dituena.

Nilsak araztegi osoagoa diseinatu du. Izan ere, 114 dorrobarrez aparte, gaztandegi bat ere badago herrian, eta bertako hondakin-urek etxekoez bestelako osagai espezifikoak dituzte, eta, ohiko isurketekin batera, zaharkituta uzten dute egungo arazketa-sistema. Araztegi berria saneamendu kanonarekin finantzatuko da osorik, Nafarroako herritarren uraren ordainagirien bidez. Araztegia egiteko lanak lehiaketa ireki bidez emanen ditu Nilsaketa enpresa hartzaileak urte erdia izanen du haiek egiteko. 

Bernardo Zirizak (Lurralde Kohesio kontseilaria), Fernando Mendozak (Nilsako Azpiegitura Lokalen Nafarroako zuzendaria), Gregorio Berrozpek (Nilsako obra eta proiektuen zuzendaria), Emeterio Senar Ergoienako alkateari eta Idoia Resano Dorraoko Kontzejuko presidenteari egitasmoaren berri eman zieten atzo. 

Araztegi berriaz 
Instalazio berria segundoko 0,47 litroko (eguneko 40 m ³) batez besteko emaria tratatzeko diseinatuta dago, eta instalazioan segundoko 3,28 litrora arteko maximoa onartzen da. Ur-uholde gogorren, euri-jasen edo ekaitzen uneetarako aurreikuspena segundoko 1,13 litrokoa dela, etorkizuneko azpiegiturak onartzen duen gehieneko emaria baino nabarmen txikiagoa.

Araztegi berria egungo tanga dagoen lursail berean kokatuko dute, eta bigarren mailako dekantagailu bihurtuko dute. Instalazioa iragazki biologikoetan oinarrituta egonen da, Nilsak duela ia 30 urtetik erabiltzen duen ohiko sistema, bere eraginkortasun eta egonkortasunagatik. Uraren ibilbidea bukaerako bi hezegunetan bukatuko da. Hezegune horiek arazketa indartzeko etapa gisa jarduten dute, eta larrialdietan ura atxikitzeko putzu gisa ere balio dute. Dauden bi hustubideak kontserbazio-egoera onean daude, eta aldaketa txikiren batekin erabiltzen jarraituko dira obra berrian sartzeko.

Gainera, telekontrol-sistema bat izango da, Nilsaren bulegoetatik edo internet bidez urrutitik gainbegiratua, edozein matxura edo alarmaren berri berehala izateko aukera emango duena, eta gehienez ere 24 orduko epean erantzungo zaie. Resanok gaztigatu behar zien Internet hedadura eskasa dela Ergoienan. Bestalde, mantentze-lanetako bikote batek astean bitan bisitatuko du instalazioa, lohien trabak eta mailak ikuskatzeko, egoera orokorra ikuskatzeko, hondakinak eta zaborra kentzeko eta lorezaintzako lanak egiteko. Instalaziotik kendutako lohiak araztegi handiago batean tratatuko dira, instalazio txiki guztietan gertatzen den bezala, sortzen duten bolumen txikia dela eta.

Dorrao 
Dorraoko Kontzejuak zuzenean kudeatzen du herriko ur hornidura. Dorrobarrek ur kontsumoagatik “tarifa finkoa” ordaintzen diote kontzejuari. Resanok azaldu digunez, “kontzejuak ez du baliabiderik etxez etxe kontagailuak begiratzen aritzeko”. Aholkuak betetzeko kontzejuak baliabideak beharko lituzkeela nabarmendu zuen. Dorraon bezala Nafarroan 60 bat herri eta beste horren beste kontzeju daude ur hornidura zuzenean kudeatzen dutenak. Gainontzekoek mankomunitateen bidez egiten dute. Mendozaren iritziz, herri txikien zuzeneko kudeaketa “horrek zaildu egiten du kudeaketa”. Nafarroako Gobernuaren plan zuzentzaileek uraren behe-hornidura eskualde ikuspegiarekin egitea aholkatzen dutela ere nabarmendu zuen. Nilsakoak esan zuenez, kontsumo datuak baliagarriak zaizkie. Eta ur-kontagailuak jartzearen alde egin zuen, “zenbat gastatu dugun jakiteak kontsumoa murritzarazten du”. 

Nilsako buruak, bestetik, klima aldaketa izan zuen aipagai zerbitzuen bateratzearen ideia azpimarratzeko: “ura izan dutelako, euria egin duelako ur hornidura arazorik izan ez dutenei arazoak sortuko dizkie”. 

Unanu 
Biologikoki ura arazten duen azpiegitura dute Unanun. Mendozak azaldu zigunez, aztertu zuten Unanu eta Dorraorako araztegi bakarra egitea baina aurrekontua asko igotzen zen eta ideia bertan behera gelditu zen. 

Olatzagutia 
Nilsak gaur egungo Olatzagutiko araztegia zaharkitutzat du eta, horregatik, hura berritzeko egitasmoa aurreratua du. Apirilean edo maiatzean lanak emateko deialdia eginen dute eta lanak udan astea espero dute.