"Gurekin gelditzeko etorri da COVID-19 koronabirusa. Orain gutxi dago. Bi hilabetera gaixo kopurua hazi eginen da eta urte bat barru harekin kontaktuan izanen gara % 60-70. Harekin elkarbizi beharko dugu". Etxarri Aranazko mediku baten azalpenak dira goikoak. Koronabirusak koadro larriak defentsa gutxi duten pertsonetan sortzen dituela gaineratu du. Esan digunez, agintariak hartzen dituzten neurrien helburua da denbora gutxian gaixo kopuru handiak ez izatea, gorakadarik ez izatea, ospitaleak ez kolapsatzeko. Irurtzungo osasun etxean esan digutenez, "jendea kezkatuta dabil eta argibide eske hots egiten du".
Osasun arduradunek prebentzioa sustatzeko hainbat aholku zabaldu dituzte. Norberak bete beharrekoak dira batzuk, erakundeak bete beharrekoak besteak. Horietako bat da Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa. Bere ospitale-gunean dauden gaixoei bisitan pertsona bakarra eta beti bera joan daiteke. Gainera, ospitale gunera bisitan joandakoen erregistroa egiten dute. Prebentzio neurri gisa, klinikaren atean eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa jarri dute.
Aita Barandiaran adinduen egoitzan, bestalde, prebentzio neurriak hartu zituzten pasa den astean. Egoitzara ate bakar batetik sartu eta atera daiteke. Sartzen diren pertsona guztiei (bertan bizi direnak, bisitariak, langileak, banatzaileak…) tenperatura hartzen diete, eta orduarekin batera apuntatzen dute. Gel potoak ere jarri dituzte eskuak garbitzeko. Eta aholkatu dute taldekako bisitarik ez egitea, banakakoak baizik. "Oraindik ez da debekua, ez da mugatu". Egoitzako arduradunak uneoro Nafarroako Gobernuarekin harremanetan daude.
Eragin gehiago
COVID-19 koronabirusa ekonomian ere eragina izaten ari da. Testu inguru horretan Sakanako zenbait enpresatan zein prebentzio neurri hartu aztertzen hasiak dira. Gertatu daitekeenaren suposizioak egiten ari dira hainbat enpresetan: ekoizpenerako osagairen baten faltan gelditzea, langileria gehiena gaixotzea… Halakoek lantegiak geldiaraztea ekarriko lukete.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak herrialdeko unibertsitateak, ikastetxe guztiak, haur eskolak eta haurtzaindegiak astelehenetik aurrera bi astez ixteko agindua eman zuen. Eta aholkatu zuen itxiera gaur bertan indarrean jartzea. Beraz, ikasle guztiak etxean geldituko dira.
Altsasuko auziari ere eragiten dio COVID-19 koronabirusak. Espainiako Barne Ministerioak hamasei espetxe bakartu ditu, tartean Zaballakoa. Horren ondorioz aurrenekoz asteburua kalean pasa behar zuten Jokinek eta Oihanek eskubide hori galdu dute. Baita Adurrek heldu den astebururako zuena ere. Presoak, gainera, aurrez aurreko bisitarik gabe gelditu dira. Lokutorioan egiten direnak mantenduko dituzte. Galdutako bisiten ordainetan presoek telefono dei gehiago izanen dituzte. Bide batez, COVID-19 koronabirusak sortutako egoera dela eta, Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformak bertan behera utzi dituzte ostiraletako kontzentrazioak. Egoera bideratu arte ez da elkarretaratzerik eginen.
Nora hots egin?
Osasun Departamentuak gogorarazi duenez, 112 telefonora soilik hots egin behar dutela gaitzaren sintomak dituztenek eta arrisku-eremu batetik etorri direnek edo azken 14 egunetan kasu positibo batekin harreman estua izan badu. Koronabirusari buruzko zalantzak argitu nahi duenak 948 290 290 hots egin behar du.
Osasun Departamentuak baliabide horiek berregituratu eta indartu ditu. Baina telefonoen erabilerari buruzko irizpideei kasu egitea eskatu du. Horrela, gaixoei eta zalantzak dituzten herritarrei erantzun egokia eman nahi die departamentuak. Baita beste arrazoi batzuengatiko kontsulta eta larrialdiei ere. Informazio gehiago nahi duenak www.koronabirusa.nafarroa.eus web gunean du.