COVID-19 koronabirusaren zabalpena eteteko indarrean sartu diren neurrien eraginez jende pilaketak saihesteko neurriak hartzen ari dira erakundeak. Horien artean daude aurreikusitako jarduerak bertan behera uztea. Sakanako Mankomunitateak ere hala eginen du. Mank-eko Berdintasun Zerbitzuak ondorengo egunetan aurreikusita zituen ekintza guztiak bertan behera gelditu dira. Hala, igandean, Altsasun egitekoa zen Lilasterketa bertan behera gelditu da.
Bestetik, Berdintasun Zerbitzuak berak antolatuak zituen beste hainbat jarduera atzeratu egin ditu. Asteartean egitekoa zen Errotik, Sakana parekidea; Sakanako emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasunerako I. Plana. Martxoaren 28an Ihabarren programatutako antzezlana ere atzeratu da. Baita Martxoaren 26an eta apirilaren 2an ahalduntzea sormena sentituz ikastaroa ere.
Azkenik, Mank-eko Euskara Zerbitzuak Sakanako zinegotzi eta alkateendako eta Euskara Batzordeetako kideendako trebakuntza-saioa iragarria zuen martxoaren 25erako. Jarduera atzeratzea erabaki dute eta data berria dakitenean Euskara Zerbitzutik jakinaraziko dute.