Koronabirusa Sakanan

Langabeen enplegu-eskariak automatikoki berrituta

Guaixe 2020ko mar. 17a, 10:35

Altsasuko enplegu bulego berria.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak-Nafar Lansarek modu automatikoan berrituko ditu lan eskaerak. Prebentzio-neurri gisa NEZ-NLk herritarrak aurrez aurre artatzeko zerbitzua eten egin du. Gutxienez bi astetan etenda geratu dira enplegurako ematen ari ziren prestakuntza-ikastaroak. Hasi ez direnen hasiera eta akabera eguna aldatuko zaie.

Koronabirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak-Nafar Lansarek (NEZ-NL) langabetuen enplegu-eskari guztiak automatikoki berritzen hasi da astelehenean. Beraz, enplegu-eskaria ofizioz berritzeko ez da kudeaketa telefonoz, internetez edo mugikorrez egin beharrik izanen. NEZ-NLk automatikoki berrituko ditu (zigilatuak) gutxienez apirilaren 3ra bitarte. Era berean, langabeak direnak lehen aldiz eta eskaria berraktibatu beharrean aurkitzen direnak denboraldi batean lanean aritu ondoren, telefonoz edo posta elektronikoz eskatu ahal izanen dute kudeaketa, erreferentziazko agentzian.

Bestetik, Enplegu Erregulazio Espedientea edo Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedientea duten pertsonek ez dute inolako kudeaketarik egin beharrik izango, NEZ-NLk ofizioz jokatuko baitu. NEZ-NLk malgutasunez jokatuko du aurkezten diren egoeren aurrean. 

Erakundeak herritarrei gogorarazi nahi die enplegu-eskariaren inguruko izapideak (txostenak, aktibatzea, datuak aldatzea, eta abar) helbide honetan ere egin daitezkeela: www.empleo.navarra.es.  Eta oro har, dokumentuak aurkeztu ahal izanen dira www.empleo.navarra.es helbidean: Menua - Izapideak - Erregistro Orokor Elektronikoa.

Harremanetarako
Altsasuko enplegu bulegoarekin harremanetan jartzeko 958 562 754 edo 848 421 744 telefonoetara hots egin edo ealsasua@navarra.es e-postara idatzi daiteke. Langabezia bidezko prestazioen eta subsidioen inguruko guztiaren eskumena Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoak (SEPE) du soilik. Bertara jotzeko, bide hauek erabil daitezke: egoitza elektronikoa; 901 11 99 99 eta 948 990 598 telefonoak.