Koronabirusa Sakanan

“Gazteok beldurra baldin badugu, edadeko pertsonek are gehiago”

Guaixe 2020ko mar. 20a, 14:51
Jone Lizarraga.

Sakanan hiru oinarrizko gizarte zerbitzu daude, Irurtzun aldekoa, Etxarri Aranaz aldekoa eta Burunda mendebaldekoa. Haien bidez zerbitzua ematen diete sakandarrei dela, familia arloan, prebentzio programaren bidez, gizarte inklusioa sustatuz edo dependentzia eta autonomia landuz. Eta COVID-19 koronabirusaren kontura Gizarte Zerbitzuen azken atal horri erreparatu nahi diogu: dependentzia-autonomia atalari, zehazki adinduei laguntza emateko zerbitzuari. 

Jone Lizarraga
Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako etxez etxeko langilea. 

Etxez etxeko langilea. Horrela esanda ez du ezer esaten zer da. Zein da zure egitekoa?
Lantaldea astean behin elkartzen gara, Etxarri Aranatzen, Gizarte Zerbitzuen egoitzan. Baina askotan egoten gara kontaktuan gizarte laguntzailearekin. Hiru etxeko langile gaude: 2 lanaldi osoan, bat erdira. Orain beste pertsona bat hartzeko prestatzen ari dira. Bileran programa prestatzen da, bakoitza zenbat etxeetara joan behar garen. Etxe bakoitzean zein behar duten begiratzen dugu: zer pertsona daude, nola daude eta zer nolako laguntza eskaini. Gehienbat arreta pertsonala egiten dugu. Laguntza eskaini ohetik mugitzeko, dutxatzeko, janzteko, gosaria emateko… Sukaldean edo egongelan gelditzen dira. Gehienetan beste pertsona batzuekin daude, senideak edo batzuek dute zaintzaile bat. Hala ere, laguntza behar dute ohetik mugitzeko. Pertsonen egoeraren araberakoa da. Bakarrik bizi diren pertsonendako ere konpainia pixka bat, laguntza soziala ere. Beraiekin hitz egin, gorabeherak kontatzen dizkiegu: herrian zer giro dagoen, zer gertatzen den, sortzen diren gauzak, esaterako, orain koronabirusarena. 

Konpainia hori etxean bertan edo kalean paseatzera aterata egin daiteke? 
Bai. Gainera, horrela sozializatu egiten dira ere. Eguraldi ona egiten badu eta ongi badaude, eguerdi aldera baldin bada atentzio hori, kanpora ateratzera gonbidatzen ditugu, paseo bat ematera. Hor elkartzen dira agian aldamenekoekin, aulki batzuetan eseri eta hizketan egoten dira. Gustura egoten dira, denbora pasatzen eta erlazionatzen. 

Zeinek esaten dizu zein etxetara joan? 
Horretarako dago gizarte laguntzailea. Gure kasuan, Ana. Berari senideek hots egiten diote laguntza eskatzeko. Edo Iruñetik, ospitaleko gizarte laguntzaileak hots egiten dio esanez pertsona bat etxera doala eta laguntza beharko duela. Sarean lan egiten da. Osasun etxeko langileekin ere komunikatzen dira. Lan taldean bai gizarte laguntzailea bai etxez etxeko langileak biltzen gara. Dagoen egoeraren arabera zer nolako laguntza eskaini aztertzen dugu. Eta noraino ailegatzen garen gu. Gure lana, batez ere, laguntza delako. Gure laguntzarekin ez da dena konpontzen, baina, beno, jendeak gustura hartzen du. 

Etxarri Araldeko Gizarte Zerbitzuak Lakuntzatik Urdiainera hartzen du. Gero eta adineko jende gehiago dago. Hiru zaudete. Iristen zarete? Nahikoa langile zarete? 
Ematen da ahal den laguntza. Orain pertsona bat gehiago jartzekotan daude, baina, badakizu, horrelako gauzak luzatu egiten dira. Ez dakit noiz sortuko den plaza. Hartuko dute beste pertsona bat eta beti laguntza gehiago emateko aukera gehiago ematen du. 

Zenbat etxe bisitatu ditzakezu goiz batean?
Normalean sei. 07:00etan hasten gara. Zeren baldin badaude, esaterako, Josefina Arregi klinikara joan behar duten pertsonak, oso goizter mugitzen dira. Zeren anbulantziak oso goizter ibiltzen dira jendea eramateko. Edo errehabilitaziora joateko. Askotan pertsonak joateko garairako prest egon behar dute. Arreta puntu gorena 09:00ak eta 10:00ak artean dago. Jendeari garai horretan mugitzea gustatzen zaio, 12:00etan eta 13:00etan ez. Kolpe handia izaten dugu goizean. Horregatik, oso goiz hasten gara eta azkarrago bukatzen dugu. Sei etxetara joaten gara normalean. Izan daitezke zazpi. Baina, zazpi etxeetara joaten bagara atentzioa… Konta ezazu herri batetik bestera mugitzeko kilometrajea, gosaltzeko denbora-eta, denbora oso azkar joaten da.  

Sei etxe horiek ez direlako etxe berdinean izaten, ezta? 
Ez, herri batetik bestera asko mugitzen gara. Askotan herri batera bueltatzen zara atentzio desberdina baldin bada. Esaterako, 07:00etan joan behar duzu Lizarragara prestatzeko pertsona bat Josefina Arregi klinikara joateko. Gero, agian, konpainia egiteko beste pertsona bat dago. Ezin zara 08:00etan joan. Eguerdian bueltatzen zara. Beti saiatzen gara kontrolatzen, doitzen, denbora ez galtzeko.  

Zer aldatu du zure lanean koronabirusak?
Nik uste mundu guztia pertsonalki ezegonkortu gaituela. Ikusten pixkanaka zer zetorren. Ni goizero edadeko pertsonei eskua edo bi musu ematen nizkien. Baina duela bizpahiru aste esaten hasi nintzen: akabo muxuak, akabo esku-emateak. Zeren ez dakigu zer datorkigun. Esaten dute erraz kutsatzen dela. Eta kontrolatzen hasi beharko gara. Eta gu, gazteok beldurra baldin badugu, edadeko pertsonek are gehiago. Ikusten ari dira hiltzen ari diren pertsonak batez ere edadekoak direla. Guk ere gure kezka dugu. Zaindu nahi ditugu, baina beraiek ez kutsatzeko babesten gara. Beraiek isolatuta daude. Suposatzen da beraiek ez direla kutsatuko ez baldin baditugu kutsatzen senideek, lagunek, aldamenekoek edo gu, laguntzera joaten garela. Ez nuke nahi laguntza ematera joan eta kutsatu. Hor gaude denok. Horretarako, eskularruak beti erabili izan ditugu. Guk katarroa edo zerbait izaten genuenean aurpegiko maskara jartzen genuen. Orain derrigorrez maskara atentzio osoan. Horrek alde soziala murriztu du. Zeren ez du ematen zentzua duenik dutxa baten ondoren zure maskararekin hitz egiten gelditzea. Jendea ere beldurrez dago. Dakitelako etxe askotara joaten garela. Pentsatzen dut momentuz denok gaizki pasatuko dugula. Beldur hori inork ez digula kenduko. Baina ea etorkizun motzean txertoa-edo sortzen den eta gripe arrunt baten modukoa bihurtzen den. Bitartean gu kontrolatzen eta beraiek zaintzen. 

Nafarroako Gobernutik jarraibiderik eman dizuete?
Bai, ia-ia egunero. Zer erabili, gaia pixka bat nola zaindu. Begira nola gauden: etxeetatik ezin atera. Lanera ateratzen gara, baina gero errespetatzen dugu etxean gelditzearena-eta. Gure kasuan babesten gara, babesten gara. Erabiltzen ditugu tresnak beraiek duten asepsia mantentzeko, ez kutsatzeko. Saiatzen gara, baina ez dakigu norainoko aukera duzun zuk ere etxe batean harrapatzeko. Haiek beldurra dute. Guk ere. Denok dugu beldurra. Ziurgabetasuna. 

Arrisku taldea dira adinekoak, ardura bikoitza duzue: zuen eta haien osasuna zaindu behar duzue.
Nik hori beti kontutan izan dut. Beti esan dut: nahiago dut ni erori eskaileratik beraiek nire aurrean erortzea baino. Zaurgarriagoak dira. Horregatik, zaintzen saiatzen zara.  

Etxekoen lanagatik-edo bakarrik zeuden adinekoak orain lagunduta egotea, etxean gelditzera behartu gaituztelako. Tokatu zaizu? 
Jendea oso arduratsua da. Orokorrean, etxekoak baldin badaude, festak direlako edo oporrak dituztelako, ez joateko esaten digute, haiek daudela. Horretan jendea oso arduratsua da. 
 
Adineko jendeak zer esan dizu gaur? 
Gaur ez naiz sei etxetan egon. Zeren batzuk erabaki dute bi aste hauetan behintzat gu ez joatea, konpontzen direlako. Beste etxeetan beldurra dute. Sekula ez bezala. 29 urte daramat lan honetan eta jendearekin urte askotako erlazioa duzu. Eta atzeraka egiten dute. Jakina, maskararekin-eta,  esaten dute: horrela etortzeko, hau zer, kutsatuta ote dago? Eta esaten diet: “lasai, lasai, ongi nago. Baina horrela jarri da gauza eta ni saiatuko naiz hona ezer ez ekartzen. Horregatik, sartzen naiz maskararekin”. Baina zirrara sortzen die horrela agertzeak. Eskularruetara ohitu ziren. Baina maskara… Hasten garenean botatzeko diren plastikozko traje horiekin… Agian horretara ere ailegatuko gara, ez dakit. Zabaltzen hasten bada eta herri hauetan jendea kutsatzen… ez dakit noraino ailegatu gaitezkeen.  

Bitartean, laguntza ematen segitu beharko duzue. 
Bai. Argi eta garbi dut. Gure lana da, ezin dugu atzera begiratu. Aurrera eta lanera. Batzuek telelana egin dezakete, baina gurea zuzeneko lana da. Beraz…