Covid-19 birusak sortutako krisiari aurre egiteko, eta konfinamenduan laguntzeko, zenbait elkartek eta erakundek kultur arloko baliabideak herritarren esku jarri dituzte. Esaterako, UEMAk Etxean goxo egoteko baliabideen zerrenda plazaratu du. Euskarazko doako hainbat baliabide bildu ditu UEMAk, bai haurrendako bai helduendako. Bestetik, Eusko Ikaskuntzak ere euskal kantutegi osoa guztien esku jarri du, eta bertan euskal kantutegiaren partiturak, letrak aurki daitezke, baita musika entzuteko aukera dago ere. Euskarazko kultur eskaintza bermatuta dago, beraz, etxetik atera gabe.
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak ere gogoratu du museo, liburutegi eta artxiboetako katalogoak eta funtsak herritarren eskura daudela Interneten. Nafarroako liburutegiek ere EFILM deitutako film, telesail eta dokumentalen streaming zerbitzua dute. Gainera, koronabirusak sortutako egoeraren aurrean, UNESCOk jakinarazi zuen munduko liburutegi digitalaren sarrera libre utzi zuela. Munduko hainbat museoen bisita digitalak egiteko aukera dago ere egunotan.
Antzerkia
Aretoetara eta kultur etxeetara joan gabe, etxetik antzerkiaz gozatzeko aukera dago. Teatroteca deitutako web orrian hainbat antzezlan ikusteko aukera dago.