Koronabirusa Sakanan

Koronabirusak erlijioei ere eragin die

Guaixe 2020ko mar. 21a, 10:02
Aralarko aingerua alarma egoeran irauten duen bitartean bisitatu behar lituzkeen herriak udazkenean bisitatuko ditu.

Tenpluak itxita, ezin dira ospakizun komunitarioak egin. Aralarko santuaren irudiak berriz herri herriko ibilbidea moldatu behar izan du. Bakaikun ez da San Benito ospatuko gaur.

Koronabirusak eragindako osasun-krisia kudeatzeko neurrien artean dago erlijio jarduerak etetea. Beraz, katolikoen eta ebanjelarien elizetan, Jehovaren testiguen tenpluan eta meskitetan ezin dira  ospakizun komunitarioak egin. Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du hileten kasuan beilatokietan eta haien baliokideetan sar daitekeen gehienezko pertsona-kopurua heren batera mugatuko dela. Horretaz aparte, hileta-segizioetan 25 pertsonak parte hartu ahal izanen dute gehienez.

Aralar  
Aralarko aingeruaren irudia bidaiaria da, Nafarroako 300dik gora herri bisitatzen baititu urtero. Mendi gaineko santutegia martxo hasieran uzten du Nafarroako herrietan barna fededunei bisita egiteko. Osasun arduradunek agindutakoari jarraituz, Aralarko santutegiko kaperau Mikel Garziandiak jakinarazi du martxoaren 21etik apirilaren 4ra aingeruak egin behar zituen bisitak bertan behera gelditu direla. Aralarko aingeruak orain bisitatzen ez dituen herriak udazkenean bisitatuko dituela ere jakinarazi du Garziandiak. “Egoeraren garapenaren arabera bisiten berri emanen dutela gaineratu du kaperauak. 

Bakaiku 

Bakaikuarrak San Benito ermitan 2011n.

COVID-19 koronabirusak bakaikuarrak San Benito ospakizunik gabe utzi ditu. Bakaikutik barga aldera 650 metrora dagoen ermita txikian, normalean, aurrena meza egiten da. Hura despeditu ondoren, “fruitua eman dezaten” apaizak soroak bedeinkatzen ditu. Despeditzeko, udalak auzatea eskaini ohi du. Garai bateko bakaikuarren ohitura omen zen sainduari osasuna eta apetitua eskatzeko lapiko zaharrak eramatea. Lapikoak eraikinaren kontra bota eta zera esaten zuten: “San Benito, buen apetito. Eltzeak eta biok ito”.