Sakanako Jubilatuen eta Pentsiodunen Koordinakundeak pentsio duinak aldarrikatzeko kontzentrazioa egiten du Altsasuko udaletxe parean astelehen eguerdiro. Atzo kale egin zuten. Aldarrikapen bera eramatekoa zen gaur Sasoia, Nafarroako pentsiodunen eta jubilatuen elkartea Irurtzungo azokara. Hori ere bertan behera gelditu da. COVID-19 koronabirusak ekarri duen alarma egoerak astero egiten diren bilkurak bertan behera uztea ekarri du ondorio gisa.
Arrazoi beragatik bertan behera gelditu dira Etxerat senideen erakundeak euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatuz egiten dituen kontzentrazioak. Ostiralero, 20:00etan, Arbizuko eta Etxarri Aranazko plazetan eta hilabeteko azken ostiralean Sakanako makina bat herritan. Egun eta ordu berean Altsasuko udaletxe parean kontzentrazioa egiten da Altsasuko auzia salatzeko helburuz eta gurasoek eta plataformak bertan behera utzi dute deialdia.