Koronabirusak eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma egoera indarrean da eta jendea etxetik kasu jakin batzuetan ateratzeko aukera besterik ez du. Hala ere, kalera aterako balitz panorama arraroa opatuko luke sakandarrak. Topaleku diren plazak hutsik daude, baita haurrendako jolas parkeak ere. Kutsatze arriskua dagoenez, jolas parkeak prezintatuta daude gainera. Topaleku izan daitezkeen kafetegi, jatetxe eta tabernak ere ateak itxita dituzte. Esaterako, Altsasuko Alde Zaharreko eta Zabalguneko zenbait taberna ostiralean erabaki zuten hura izanen zela ateak zabalik zituzten azken eguna. Larunbatean ez zen ostalaritza zerbitzurik izan Altsasun. Beste herrietan gobernuaren agindua iritsi arte itxaron zuten hura indarrean jartzeko.
Herritarren topaleku diren gastronomia elkarteak, jubilatu elkarteak, gaztetxeak eta gazte lokal edo piperoak ere ixteko agindua dago. Beraz, telefonoa, sare sozialak edota balkoiak dira gizarte harremanak mantentzeko bitartekoak.