Jendearendako ostiralean ateak itxi ondoren, udaletxeak ez dituzte berriro zabaldu. Ostiralean bertan Sakanako hainbat udalek jakinarazi zuten udaletxearekin batera hainbat udal egoitza itxita egonen zirela. Guztia COVID-19 koronabirusa zabaltzea mozteko. Udaletxeekin batera gutxienez bi astez itxita egonen dira frontoiak, liburutegiak, gaztetxokoak, musika eskolak, kultur etxeak, kiroldegiak, haur eskolak edota haurrendako jolas parkeak. Jakina, udal eraikinetan dauden bake epaitegiak ere itxita daude.
Bertan behera gelditu dira, bestalde, herrietan astero egiten diren azokak ere. Aldi berean, udalek kirola, kultura, gizarte- eta aisialdi-ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituzte alarma egoera indarrean den bitartean.