Ibai Iriarte Iñigo Aritza ikastolako zuzendaria da.
Non daude irakasleak?
Irakasleak, Nafarroako Gobernuko aginduak jarraituz, etxean daude eta etxetik dabiltza lanean.
Zenbat?
25 inguru.
Eta zuzendaritza taldekoak?
Koronabirusaren eraginak jorratzeko lantalde bat osatu da, plataforma digitalen bidez elkartu eta egoeraren jarraipena egiten ari dena. Egunero biltzen gara eta ez ohiko zerbait bada, momentuan. Ordenagailuari lotuta gaude.
Zenbat?
Lau kide.
Hezkuntza arreta ez presentziala bermatu behar duzue. Ahalegin berezia eskatzen dizue?
Noski, egoera hau ostegun arratsaldean komunikatu zitzaigun. Arratsalde horretan krisi komite bat antolatu genuen arren, mezuak ez ziren batere argiak. Ez genekien ostiralean ikastolak ateak ireki behar zituen edo ez erabaki behar izan genuen, Nafarroako Gobernuak ikastetxe bakoitzaren esku uzten baitzuen.
Ilunabarrean familiei egoeraren gaineko mezua bidali zitzaien eta langileei ere genuen informazioaren baitako gidalerroak bidali zitzaizkien. Ostiralean, haur batzuk etorri ziren eta haiei egoera azaldu eta zetorkiguna prestatzen hasteko erabili genuen.
Hala ere, asteburuan, egoerak okerrera egin zuen, agindu berriak iritsi dira, ondorioz, krisi mahaia asteburu guztian egon da harremanetan, astelehenerako ahalik eta gauza gehienak aurreratuak izateko. Etapetako irakasleak ere asteburu guztian izan dira materialak aurreratzen, elkarren artean adosten...
Astelehenean irakasleak etapaka bildu ziren eta ikasleen arreta eta jarraipena zehaztu zuten. Eguerdirako jada, familiei eta ikasleei etxetik lan egiteko materialak zabaldu zitzaizkien.
Egoera oso aldakorra izaki, izugarrizko ahalegina eskatzen du honek.
Gaur egun ikasle guztiek gailu digitalak dituzte?
Ez, guztiek ez, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako guztiek.
Aurretik bitarteko digitalak erabili dituzue ikasleei lanak bidaltzeko-edo?
Bai, ikastolan Eki, ikastolok sorturiko ikasketa materiala dugu eta ordenagailu bidez lan egiten da, esan bezala, LH 5. mailatik aurrera. Zentzu horretan ez da material ezezaguna, baina ikasketa prozesua presentziala da eta kasu honetan tresna digitalek hartzen duten garrantzia erabatekoa da eta aurrez aurreko horrek duen indarra ez dago ordenagailurik ordezkatuko duenik.
Hezkuntza zikloetan ez da gauza bera izanen Hezkuntza arreta ez presentziala bermatzea. Nola egiten da Haur Hezkuntzan?
Haur Hezkuntzan etxean eta etxetik jarraitu beharreko pautak, ohiturak, materialak eta egitekoen gida liburu batzuk osatu eta bidali zaizkie familiei eta tutoreekin komunikatzeko ordutegi bat zehaztu da. Familiei komunikazioa mantentzea eskatu zaie.
Lehen Hezkuntzan?
Lehen Hezkuntzako, lehen bi zikloetan, hau da, LH 1., 2., 3. eta 4. mailan ikasketa koadernoak antolatu eta banatu dira, bertan egunero egin beharrekoak eta gomendioak atxikirik, azken zikloko ikasleei material digitala jarri zaie eskura. Azken zikloan, goizero telematikoki esaten zaizkie egunean egin beharrekoak eta ondoren irakaslearekin konpartitu. Horretaz aparte, egunero irakasleekin zalantzak, galderak, eta finean harremana mantentzeko orduak zehaztu dira.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan?
Ikasleen errutinak duten garrantzia bermatzeko ikasleek ordutegi berezi bat dute: 08:30etik 14:30era. Egunero 3 ikasgai landuko dituzte eta ordu eta erdiko saioak izango dira, saio bakoitzean dagokion irakasleak modu digitalak erabiliz (e-posta, Classroom, drive…). Saio horietan egin beharrekoa zehazten du eta saioa bukatutakoan ikasleak egindakoa aurkeztu edo entregatu beharko du, tarte horretan irakasleak arreta zuzena eskaintzen du, txatak, foroak… erabiliz, momentuan dituzten zalantzak erantzuteko, zuzenketak egiteko… Egunero egindako lanaren jarraipena egiteko erregistro bat sortu da, tutoreek ikasketa prozesuaren jarraipen egokia bermatzeko.
Ikasleek zer moduz hartu dute?
Nik uste, guztiok bezala, egoerari aurre egiteko garaia dela. Esan pentazitateko taldeak erabiliz tutoreek ikasleekin tutoretza saioak egiten hasi direla egoeraren hausnarketa egiteko, moldaketak, aldaketak planteatzen…
Zein alde dago aurrez aurreko klase batekin?
Handia, gizakia gizaki da besteekin erlazionatzen delako. Gizakia gizartea gabe ez da ezer eta gizartea erlazionatuz garatzen da, aurrez aurre. Beraz, ezinezkoa da konparaketa.
Zenbat ikasleren kasuan izanen da eskolakoa euskararekin harremana izanen duten une bakarra?
Etapa guztietan euskararekiko harremana indartzeko aukerak jarri zaizkie, bakoitzari dagozkionak, izan liburu edota bestelako materialak. Bestetik, guk lana eta ikasketa prozesua euskaraz egiten dugu eta ikasleei pasa zaien material guztia, nola ez, euskaraz dago.
Hezkuntza Departamentuak bitartekoak eman dizkizuete?
Oraintxe bertan, Hezkuntza Departamenduak, arauak ezarri dizkigu baina bitartekorik ez. Gu ari gara dena antolatu eta bideratzen.
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko laguntza baduzue?
Bai, koordinazioa eta kolaborazioak erabatekoak dira, gure artean ari gara online saioak eta materiala elkartrukatzen eta kolaboratzen. Horrelakoetan konturatzen zara, Ikastolaren sareak duen indarraz.
Honetan guztian zein da gurasoen egitekoa?
Lehenik eta behin haur eta nerabeei, oporretan ez daudela azaltzearena. Adinaren arabera, egoeraren berri eman eta norbanakoaren erabakiek gizarte osasun orokorrean duen garrantzia azpimarratzea. Ez da dramatizatu behar baina egoera azaldu beharko litzaieke. Bestetik, ikasteko errutinak bermatu behar dituzte, esnatu, gosaldu, ikasteko leku egokitu bat egotea bermatu, ordutegiak zehaztu...