Iñigo Zamargilea
Atakondoa eskola publikoko zuzendaria da
Non daude irakasleak?
Astelehenean gutxi batzuk pasa behar izan zuten hemendik azken gauzak uztera edo hartzera. Baina eskolatik eta Hezkuntza Departamentutik mezua da lana modu telematikoan, beraien etxeetatik teknologiaren bidez egiteko ahal den heinean. Hori guztia antolatzeko irakasle batzuek ezinbestean hemendik pasa behar izan dute, baina momentu bat, behar zutena hartzeko eta joateko. Kopuru txikia izan zen, hamarren bat-edo 64ko klaustro batean.
Eta zuzendaritza taldekoak?
Gu ere joan ginen hori guztia martxan jartzeko ideiarekin (zuzendaria, bi ikasketa buru eta idazkaria). Eskolan egonen gara beharrezkoa den bitartean. Baina, posible den heinean, gu ere lana etxetik egiten saiatuko gara.
Hezkuntza arreta ez presentziala bermatu behar duzue. Ahalegin berezia eskatzen dizue?
Ahalegina eskatzen du gauza berriak egin behar diren heinean. Gela batzuetan eta irakasle batzuek dagoeneko lan egiteko modu hau erabiltzen ari ziren. Horiendako, beharbada, jarraipen hutsa izanen da. Beharbada lan karga handia pasako litzateke aurrez aurrekotik modu telematikora. Beste irakasle batzuendako, ordea, ahalegin berezi eta handia izanen da egun hauetakoa; erabili beharko dituztelako normalean erabiltzen ez dituzten baliabideak. Eta, beharbada, horietako batzuk erabiltzen ikasi, edo, behintzat, hobeki erabiltzen ikasi beharko dute. Jakina, horrek lan handia eskatuko die.
Gaur egun ikasle guztiek gailu digitalak dituzte?
Hainbat arrazoirengatik bitarteko hauetara sarbiderik ez duten ikasleak daude: beren herrietan dagoen sarearen hedaduragatik, etxean dituzten bitartekoengatik… Kasu horietan neurri bereziak pentsatu ditugu. Adibidez, astelehenean eskolatik pasatu ziren irakasle batzuen zeregina izan zen familia eta ikasle horiendako lanak modu fisikoan ematea. Horretarako, sistema mailakatu eta ordenatu bat martxan jarri dugu.
Hezkuntza zikloetan ez da gauza bera izanen Hezkuntza arreta ez presentziala bermatzea. Nola egiten da Haur Hezkuntzan?
Gurasoen parte-hartzea ezinbestekoa izanen da. Gurasoena, edo anai-arreba zaharragoena. Ez dute modu indibidual eta pertsonal horretan lan egiten. Aurreikusten diren jardueratan familiakoek esku sartu beharko dute. Pentsatutako jarduerak segitzen dute Haur Hezkuntzako lan jardunaren ildo orokorra. Esaterako, pentsatutako hainbat jarduera, proposamen eta jolas drive karpeta batean gorde dira. Symbaloo bitartez jasoko da zer egin daitekeen. Gainera, Haur Hezkuntzako irakasleriak egunero ipuin bat bideoz grabatuko du ikasle guztiendako.
Lehen Hezkuntzan?
Lehenbiziko eta bigarren zikloetan trantsizio bat planteatu dugu. Lehenengo zikloan gurasoen lana beharrezkoagoa izanen da. Beraien lana ez da hain autonomoa izanen. Baina baliabide digital horiek erabiltzea planteatu dugu. Eman zaie fitxa bidez-edo egin daitekeen lana ere. Beste maila batzuetan Google enpresak ematen duen Classroom aplikazioa erabiltzen hasiak daude. Izanen da horretan pixka bat trebatzea eta sakontzea. Nolanahi ere, saiatuko gara lana izaten pixka bat orekatua, zaintzeko zenbat ordu pasatzen duten pantailekin, zenbat eskuzko lana egiten eta abar.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan?
Dagoeneko sistema hauek erabiltzen ari dira eta erabilera trinkoagoa egiten ari da. Nola nahi ere, liburuak, koadernoak… bitarteko horiek erabiltzen segi daiteke. Beti ere, irakaslearen zuzentze eta doitze prozesu bati esker. Nola ez, modu telematikoz gauzatuko duguna: posta elektronikoa eta hainbat plataforma.
Ikasleek zer moduz hartu dute?
Ezin dugu halako erantzun orokor bat eman, hasteko ostiraletik ez dugulako ikaslerik izan. Eta etorri zena oso kopuru txikia zelako eta ez dakit esanguratsua den. Nik uste, helduok bezala ari direla pitteka-pitteka errealitate berri batera sartzen. Hasieran informazio anedoktiko bat zena ari dira pitteka-pitteka barneratzen. Kasik, esan genezake, bizimodu berri bat bezala.
Zein alde dago aurrez aurreko klase batekin?
Aurrez aurrekoak ematen duen malgutasuna-eta ez dugu izan behar. Gelan bere ikasleekin lan egiten ari den irakasle bat, esaterako, modu kooperatiboan lan egiten ari denean, pasa daiteke taldez talde, ikusi nola ari diren, proposamenak edo galderak egin diezazkieke… Denak dauka bat-batekotasun hori eta malgutasun hori. Eta hori gabe geldituko gara. Gainera, hurrengo egunetan, eta, auskalo, asteetan, guri eta gizarte osoari arazo berri bat planteatu behar zaigu: sareen zentzuko erabilera egitea. Ditugun sareak ezin ditugu kolapsatu. Lan egin beharko da modu asinkrono batean: lanak nonbait utzi, beraiek beste momentu batean egin, beste momentu batean igorri, zuzendu… Dena beti ondoren izan behar da. Askoz mantsoagoa da. Denen aldetik feedback handiagoa eskatzen du. Galdu behar duguna da aurrez aurrekoaren eta bat-batekotasunaren malgutasuna.
Zenbat ikasleren kasuan izanen da eskolakoa euskararekin harremana izanen duten une bakarra?
Datu hori ez dugu eskuartean. Ikasle askorendako, eta nik uste eskola honetan gehiengoarendako, eskola momentu bakarra ez bada, bai dela iturririk emankorrena euskarazko komunikazioan. Egun hauetan espazio hori desagertzeak ondorioren bat izan dezake. Horri ere erantzuna ematen saiatuko gara.
Hezkuntza Departamentuak bitartekoak eman dizkizuete?
Asteburuan Jarraibide batzuk argitaratu ditu, bai ikastetxeen antolamendurako bai pedagogia jardunerako ere. Azken horietan, orain arte zeuden zerbitzu batzuen funtzionalitatea handitu da. Prestakuntza ematen ari da. Esaterako, ikastetxeetako teknologia berrien arduradunen eta departamentuko arduradunen arteko bideokonferentzia bidezko bilera izan genuen astelehenean. Egun dauden tresnak, haien abantailez eta desabantailez eta bestez aritu ziren. Nahiko eskaintza dago. Badaude puntu beltz batzuk eta horiek dira zailtasun gehien ematen digutenak: hedadurarik ez duten herrietan bizi diren ikasleak, etxean ordenagailurik edo chromebookik ez duten ikasleak, edo izanda ere ez dute wifi konexiorik… Banan-banako egoera asko daude eta horiei erantzuteko konponbide ideal eta bakarrik ez dago. Banan-banan ikusi beharko ditugu. Irudimenaz eta inteligentziaz aterabidea eman beharko diegu.
Beste eskola publikoen babesa duzue?
Sakanako eskola publiko guztiak koordinatuta gaude. Badugu koordinatzaile bat ere. Gure harremana egunerokoa da. Azken geunetan ia-ia minutuz minutuko jarraipena egiten ari gara. Elkar laguntzen ari gara. Oso lagungarria da eta oso polita da sare lan hau egin ahal izatea. Gainera, beste zuzendarien laguntza eskaintza eta jarrera, benetan, hunkigarria izaten ari da.
Honetan guztian zein da gurasoen egitekoa?
Adinen arabera desberdina izanen da. Haur Hezkuntzako gurasoen zeregina oso handia izanen da, haurrekin lana egiteko eta beraien hezkuntza prozesuan segitu ahal izateko. Beharbada hurrengo egunetan garrantzitsuagoa izanen da etxeetan halako giro positibo bat mantentzea. Gainera etorri zaiguna oso konplikatua da. Egunak pasatu ahala etxeetatik ez ateratzearen zamaren pisua gero eta handiagoa eginen dela. Ni aita ere banaiz. Beharbada inportanteagoa izanen da nola kudeatzen dugun gure etxea maila psikoafektiboan eta emozionalean hezkuntzakoan baino.