Koronabirusa Sakanan

Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideak eta zerbitzuak martxan daude

Guaixe 2020ko mar. 22a, 19:35
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunena ikasleek egindako ekintza.

Koronabirusa dela eta ezarritako alarma egoeran egonik ere, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideak eta zerbitzuak normaltasunez ari dira funtzionatzen.

Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek ohartarazi dute, larrialdi egoerak eragindako konfinamenduak “eragin argia” duela indarkeria matxistako egoeran dauden emakumeengan eta haien seme-alabengan. Bi zerbitzuetatik gaztigatu dutenez, “konfinamendu egoera batean, non bizikidetza iraunkorra eta nahitaezkoa den eta mugikortasun murriztuak dauden, indarkeria egoerak emateko aukerak areagotu egiten dira”. Aitortu dute testuinguru hori ez dela erraza. Horregatik, Sakanan egoera horri aurre egiteko dauden baliabideak jarain.app web gune eta aplikazioan daudela gogorarazi dute, “bertan sakandarrek informazio guztia opatzeko aukera daukate”. 

Baliabideak 
Larria bada: 112 telefonora hots egin. Jarduketa Bateraturako Protokoloa Nafarroako Foru Komunitatean martxan jarriko da, beharrezkoak diren arloetan: poliziaren babesa eta laguntza eta salaketa, osasun arreta, arreta judiziala eta psikologikoa eta larrialdietako bizitokiak (seme alabendako ere).

Egoera larria ez bada: entitate guztiak koordinaturik daude, beraz aukeratu norekin nahi duzun harremana izan. Informazio orokorrerako Altsasuko Udalaren Berdintasun Zerbitzura jo daiteke, 628 328 593 telefonora hots eginez, bestela Sakanako Mankomunitatearen Berdintasun Zerbitzua 948 464 867. Informazioaz aparte, arreta eta ekonomia laguntzari buruzko argibideak nahi dituztenek Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetara hots egin dezakete: Irurtzun aldekoa 948 600 694, Etxarri Aranatz aldekoa 948 460 752 eta Burunda mendebaldekoa 948 467 662. Informazio integrala jasotzeko hots egin Nafarroako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko lantaldeari, 948 004 952  telefonora.