Koronabirusaren hedapenak osasun krisia eragin du eta horrek bizitza aldatu digu. Guaixe fundazioan behar diren neurriak hartzen ari gara langileen eta gertukoen osasuna babesteko. Horregatik, Altsasuko bulegoa publikoarendako itxi dugu eta telelana ezarri dugu. COVID-19 birusak eragindako egoera berrian sakandarrek Guaixerekin harremanetan jartzeko bideak dira: 948 564 275 telefonoa (goizez) eta 618 882 675 (arratsaldez, baita whatsapp eta telegram ere). Gainera, posta elektronikoa ere erabili daiteke. Administrazio kontuetarako eta bestelakoetarako admin@guaixe.eus helbidea. Eta erredakzioarekin harremanetan jartzeko guaixe@guaixe.eus.
Garai berezi honetan Sakanako irrati euskaldunak, Beleixe Irratiak (FM 107,3 edo www.guaixe.eus/irratia) bere ohiko emanaldiei eutsiko dio. Baina bere Etxarri Aranazko estudioa publikoarendako itxita dago. Beleixe Irratiarekin harremanetan jarri nahi dutenek 948 567 074 edo 661 523 245 (whatsapp edo telegram) telefonoetara hots egin dezakete. Gainera, irratia@beleixe.eus e-postara idatzi dezakete.
Guaixe.eus-en aktualitateko edukiez aparte, arnas luzeko kazetari lanak ere opatuko dituzu bertan: erreportajeak, elkarrizketak eta bestelako edukiak. Gainera, Sakanako plaza digitalak, www.guaixe.eus web guneak, sakandarrek parte hartzea sustatzeko tresna bat du: komunitatea. Edozein sakandarrek, erakundek edo taldek bere profila sortu dezake eta han bere idatziak, argazkiak edo bestelako edukiak sartzeko aukera du. Euskaraz Sakana saretzeko bidea da komunitatea.
Azken asteetan denon bizitzak goitik behera aldatu ditu koronabirusak. Eta halakoetan premiazkoagoak dira tokiko hedabideak: bertako komunitatearen berri izan eta zabaltzeko; haren existentzia, bizitasuna, bizinahia, bizipenak eta bizipozak konpartitzeko; komunikatuta bizi eta komunitate izateko. Guaixe fundazioak bere hedabideen bidez Sakanako euskaradunen komunitatea trinkotu, saretu eta indartzeko ahalegina egiten du. Gainera, astekariaren, irratiaren eta web orriaren eragina ez da euskarazko komunitatera mugatzen, erdaldunengan ere eragin positiboa du, euskarara hurbiltzeko motiboa da.
Zeregin horretan lagundu nahi baduzu, Guaixe fundazioari bultzada eman nahi badiozu, ekonomikoki babestu dezakezu, bazkide egin zaitezke. Urtean 50 euroren truke astekaria etxean jasoko duzu astero, Sakanako euskarazko hedabideei bultzada emanen diezu eta ibarreko hainbat establezimenduetan abantailak ematen dituen bazkide txartela jasoko duzu. 50 euro azkenean 10 besterik ez direnak, errenta aitorpenean % 80 desgrabatzen baitu. Izan ere, Guaixe fundazioa interes sozialeko proiektu izendatua da eta Mecna zigilua du. Hala, harpidedun eginez fundazioa laguntzen dutenek Kultur Mezenasgoaren Foru Legean aurreikusita dauden zerga-pizgarriez baliatzeko aukera dute.
Aukera hau baliatu nahi dugu beste behin ere gure esker ona azaltzeko. ESKERRIK ASKO guzti-guztioi ematen diguzuen sostenguagatik. Etorkizunean ere hala izanen delakoan gaude. Bitartean, esandakoa, e-posta eta telefonoak irekita dauzkagu, normaltasunez, zuei zerbitzua emateko.
Elkar hartuta, egoerari buelta emanen diogulakoan.
Guaixe fundazioa