Koronabirusa Sakanan

Autonomoen ezjakintasun egoera

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko mar. 20a, 12:30

Igandetik dendak itxita daude herri guztietan.

Aurreko ostegunean dendariek ez zuten irudikatzen gaur egun bizitzen ari diren egoera. Batzuk ixtera derrigortuta daude, beste batzuk irekitzeko aukera dute. Ondorioak bi kasuetan “zailak” dira

“Dena oso azkar joan da. Aurreko astean gai honekin zerbait gertatuko zela ikusten zenean, dendariek ez zuten ixtea aurreikusten”. Mikel Cabestrero Etxeberria merkataritza teknikaria da eta Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen Elkarteak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak kudeatzen ditu. Koronabirusaren krisia hasi aurretik, Nafarroako Gobernuarekin izandako bilera batean “zenbait dendarien elkartek” aukera ikusi zutela esan du, “eta erokeri bat bezala ikusi genuen besteok”. Baina 48 ordu beranduago egoerak 360 graduko bira eman zuen, eta dendariek eta ostalariek beraiek itxiera eskatzen zutela adierazi du Cabestrerok. Hala ere, bi kasu mota eman dira alarma egoerarekin: alde batetik, ixtera derrigortuta dauden dendak, eta, bestetik, oinarrizko produktuak saltzeko irekitzeko aukera dutenak. Dendarien, ostalarien eta autonomoen egoera “zaila” da. Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak egoera ekonomikoari aurre egiteko diru laguntzen paketeak onartu dituzte, tartean autonomoak laguntzeko izango direnak. Hala ere, elkarteetatik nahikoak ez direla diote.

Kaleak hutsik daude. Jendea itxialdia betetzen ari da, eta kalera oinarrizko behar izanak erosteko atera daiteke. Ia denda guztiak itxita daude, bizirauteko beharrezkoak diren produktuetako dendak izan ezik; denda hauek behar izanak betetzeko irekitzeko aukera dute. Biak egoera “zail” batean daude: “Ixtera behartuak daudenak egoera ekonomikoa nabaria da, eta irekitzeko aukera dutenak arazo ekonomikoari bere osasuna eta bizitza arriskuan jartzen dute ere”. Izan ere, eta Nafarroako Gobernuari eskaera egin zioten arren, dendariek ez dute segurtasunez eta prebentzioarekin jokatzeko protokolo ofizialik. “Denda bakoitzak bere segurtasunagatik eta bezeroen segurtasunagatik hainbat neurri hartu ditu. Baina neurri hauek norberak hartu ditu”. Esaterako, ordutegiak murriztu dituzte, dendaren tamainaren arabera edukiera jarri dute eta ilaran pertsonen arteko distantzia mantendu behar da.

Denda ixtera behartuta egon, zein irekita daudenak, arazo ekonomikoak izango dituztela esan du Cabestrerok. “Nafarroako Gobernuari gure eskaerak hainbatetan helarazi dizkiogu aste honetan, baina ez dugu erantzunik jaso”.

Asteazkenean Nafarroako Gobernuak “koronabirusaren krisiari aurre egiteko” 100 milioi euroko pakete bat onartu zuen. Dekretuan egoerari aurre egiteko zenbait osasun eta ekonomia neurri arautu ditu, tartean enpresa txikiendako eta autonomoendako neurriak. Espainiako Gobernuak ere krisiari aurre egiteko lege dekretua onartu zuen, eta 200.000 milioi euroko paketea onartu zuen. Autonomoendako neurri bereziak plazaratu ditu Espainiako Gobernuak: besteak beste, prestazio berezi bat eskatu ahal izatea edo langileak duenak gizarte segurantzaren kuota ordaindu behar ez izatea. Neurriak asteartean eta asteazkenean onartu ziren eta egoera honetan informazioa momentu batetik bestera aldatzen da, beraz, Guaixe astekariaren edizioa itxi aurretik, Cabestrerok “oraindik ez dugu oso argi zer atera duten” azaldu zuen. “Dekretuak ongi irakurri behar ditugu eta gauzak ongi analizatu”. Hala ere, Cabestrerok azaldu duenez, “orokorrean eskasak iruditzen zaizkigu”.

Autonomoek hilabete honetako kuota bertan behera uztea eskatzen dute sare sozialen bidez. Hala ere, ez da eskatzen duten laguntza ekonomiko bakarra: “Lokalen alokairua zen egiten genuen beste eskakizun bat. Izan ere, dendaria bazara eta hilabete batez edo hilabete eta erdiz alokairua ordaindu behar baduzu irabazi zerorekin... oso zaila da”. Dendariek egin dituzten aldarrikapen hauek ez direla dekretuan agertzen salatu du Cabestrerok.

Egoera desberdina
Janaria saltzen duten dendak ez ezik, Espainiako zein Nafarroako Gobernuek aurreko astean onartutako legeetan kioskoak, ile-apaindegiak, tindategiak eta teknologia berrietako edota etxetresna elektrikoen dendak zabaltzeko aukera zutela arautu zuten. Kioskoen irekierak informazioa jasotzeko eskubidearekin bat egiten du, baina beste dendak “atentzioa deitu” ziela aitortu du Cabestrerok. Hala ere, ile-apaindegiak mugikortasun gutxiko jendeari ilea garbitzeko aukera izateko dela azaldu zuten. Azken informazioen arabera, ile-apaindegiak itxiko dituzte eta ile-apaintzaileak etxetik etxera joango dira zerbitzua ematera. Tindategien kasuan ospitaleei zerbitzua ematen dietela azaldu zuten, eta teknologia berrietako zein etxekotresna elektrikoen denden kasuan, etxean zerbait apurtzen bada aurrera egin ahal izateko teknikoak behar dituztela arrazoitu dute. Hala ere, guztien kasuan ordutegian murriztu dituzte, eta goizean ordu pare bat baino ez dute zabaltzen. Hainbat dendarik erosketak etxera eramateko aukera eskaintzen dute.

Tabernariak
Egun batetik bestera egoera “guztiz” aldatu daiteke, eta aldatzen ari da. Tabernariek aurreko ostiralean pertsiana ixtea erabaki zuten, Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak legea atera aurretik. “Herritarren segurtasunagatik eta errespontsabilitateagatik” itxi zituzten tabernak. Egoera larrian daude ere, izan ere, haietako askok langileak dituzte.

Egoera momentuero aldatzen da. Laku Ona jatetxeak aurreko astean jakinarazi zuen etxeetara janariak eramateko zerbitzuarekin jarraituko zuela, izan ere, "oraindik jendeak lan egiten du, eta batzuk janari zerbitzua izatea behar dute”. Alarma egoerarekin jatetxea itxi zuten arren, janaria etxera eramateko zerbitzuarekin jarraitzea erabaki zuten. Gaur bertan jakinarazi dute jatetxea etxean zerbitzua ere bertan behera uzten dutela neurri berriak direla eta: "Ezin da inor gurera etorri, eta gu ere ezin gara mugitu janaria eramateko.. Etorkizuna “zaila” ikusten duten arren, ilusioarekin jarraituko dutela esan dute Leku Onako jabeek.

Etorkizunean “ezin” dute jakin zer gertatuko den. “Ez dugu daturik, ez dugu ezer”. Aurretik merkataritza oso “gaizki” zegoen arlo bat zela dio Cabestrerok, eta hau “gailurra” izan dela esan du. “Aurretik geneukan egoerari bi hilabete 0 irabaziekin gehitzen badiozu…”.