Duatloia

Arbizuko eta Altsasuko Duatloiak, bertan behera

Guaixe 2020ko mar. 19a, 17:17

Arbizuko Duatloia larunbatean jokatzekoa zen eta Altsasukoa hurrengo astean, martxoaren 28an. Arbizuko Udala eta Sakana Triatloi Taldea antolatzaileendako osasuna babestea da garrantzitsuena

COVID-19 birusak sortutako egoeraren aurrean administrazioek eta osasungintzak egindako gomendioak jarraituz, Arbizuko Udalak eta Sakana Triatloi Taldeak martxoaren 21ean, larunbatean, jokatzekoa zen Arbizuko Duatloia eta martxoaren 28an antolatutako Altsasuko Duatloia bertan behera uztea erabaki dute. Halaber, martxoaren 15erako antolatuta zegoen Arangurengo Duatloia ere bertan behera geratu zen, arrazoi berberengatik. 

“COVID19 dela eta Erakundeetatik jaso ditugun gomendioak kontutan harturik, Arbizuko Udalak erabaki du martxoaren 21ean egitekoa zen XXIII. Arbizuko Duatloia bertan behera uztea. Bizi dugun egoera honetan, gure herritarren nahiz beste txoko batzuetatik datozen pertsonen osasuna eta bizitza babestea da garrantzitsuena” dio Arbizuko Udalaren prentsa oharrak. 

Sakana Triatloi Taldeak ere arrazoi berberak ditu martxoaren 28an Altsasun jokatzekoa zen proba bertan behera uzteko. Printzipioz 15 egunerako geratu dira bertan behera kirol ekitaldiak, martxoaren 23ra arte, baina oraindik ere egoera hau zenbateraino luzatuko den ezin da jakin eta, hortaz, zuhurrak izan nahi izan dute Sakana Triatloi Taldekoak. 

Duatloi egutegia oso estua denez, ziurrenik proba hauek ez dira aurten ospatuko.