Koronabirusa Sakanan

Kultura koronabirusaren garaian

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko mar. 20a, 13:47
Pello Reparaz Zetak taldeko kidea Arbizuko etxean. UTZITAKOA

Egoera bereziari aurre egiteko etxetik egindako kontzertuak eskaintzen ari dira hainbat artista. Besteak beste, etzi, igandea, 21:30ean, Zetak taldeak emanaldia egingo du

Alarma piztu zenetik erabaki gero eta zailagoak hartu dituzte gizartearen arlo guztietan; baita kulturan ere. Aurreko astearen amaieran albistea zen 1.000 pertsona baino gehiagoko ekitaldiak bertan behera utziko edo atzeratuko zituztela, eta 1.000 pertsona baino gutxiagokoetan pertsonen artean segurtasun distantzia mantenduko zela. Egun batetik bestera araua aldatu zen, eta ekimen eta ekitaldi guztiak bertan behera gelditu ziren: kultur etxeak, kultur guneak, antzokiak eta abar itxi zituzten. Tabernak ere itxi zituzten. Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen.

Ondorioz, kultur eragileek eta sortzaileek bertan behera utzi edo atzeratu behar izan zituzten aurreikusitako kontzertuak eta emanaldiak. Eta herritar guztiak bezala etxean gelditu dira. Hala ere, "ezohiko egoera" honetan laguntzeko modua aurkitu dute hainbat artistak sare sozialak baliatuz: streaming edo Internet bidezko kontzertuak. Euskal Herrian mota honetako kontzertua egingo zuela plazaratu zuen lehenengotarikoa Pello Reparaz, Zetak, izan zen. Baina ez bakarra. Egun hauetan sare sozialen bidez musikarien zein beste artisten emanaldiak, solasaldiak eta ikastaroak nonahi daude.

"Automatikoa" izan zela azaldu du Pello Reparazek. Martxoaren 22an, 21:30ean, streaming bidezko kontzertua egingo du Zetak taldeak: "Etxean gelditu beharra duzu, beraz, konturatzen zara kontzertuak bertan behera utzi behar dituzula, eta etxean gelditzen zaren horretan teknologia berriekin harreman estua dugunoi automatikoki etorri zitzaigun ideia burura". Esaterako, Xabi Bandinik ere kontzertu birtuala eskaini zuen asteazkenean: "Zuekin ezin egotearen arantza kendu eta egoera honi buelta ematea nahi dugu".

Orain dela astebete egoera deseberdina zen, izan ere, publiko askoko ekitaldiak baino ez zituzten bertan behera utzi. Reparazek azaldu duenez, "hasiera batean" beste modu batera irudikatu zuten kontzertua: "Arbizun etxe zahar bat hartu behar genuen eta gela bakoitzean emanaldi bat egin. Talde guztia hona etorriko zen. Bi taldekide Ipar Euskal Herrikoak dira eta muga pasa beharko lukete. Baina ideia aurrera zihoan". Ondoren, itxialdia etorri zen. "Une honetan ikusi dugu ezinezkoa dela. Beste ideia batzuk ditugu eskutartean". Taldekideak haien etxeetan egongo dira, distantzian, "bestelako formulak" bilatu dituzte. Kontzertua zetak. org-en izanen da.

Musikak batuko gaitu da Zetak taldea sare sozialetan egunotan erabiltzen ari den jardunaren leloa. "Horretan ari gara. Musikariok egin behar duguna da, eskaini dezakeguna". Hortaz, kontzertuak ez ezik #txarlakindahouse eta solasaldiak egiten ari da Reparaz beste hainbat musikariekin: Ezetaerre taldea, Rozalen, Izaro... gaur, 19:00etan, Toni Mejias Los Chikos del Maizeko taldekidearekin ariko da hizketan arbizuarra Instagram bidez.

Kontzertuak bertan behera uztea edo atzeratzea "pena eta mobida bat" da. Zetak-en kasuan Gasteizen martxoaren 29an zuten kontzertua ekainera atzeratu dute, baina aurrerago aurreikusita zituzten emanaldiak ere "arriskuan" daudela esan du Reparazek. "Zetak sortu berri den proiektu bat da, eta topera hasi garen arren, aukera berriak sortzen zitzaizkigun datozen hilabeetarako. Ezjakintasuna handia da". Hala ere, "lanean jarraitzen dutelako" lasai daudela esan du Reparazek.