Kultur etxeetan 'itxita' kartela zintzilik

Guaixe 2020ko mar. 20a, 10:51

Antolatutako emanaldiak bertan behera utzi edo dataz aldatuko dituzte Sakanako kultur etxeetan. Nafarroako Antzoki Sareak arte eszenikoetan koronabirusak eragindako inpaktuaren ebaluazioa egingo du

Aurreko astean inork ez zuen espero ostiralean gertatuko zen amaiera. Azken momentura arte eta betiere Nafarroako Gobernuak hartutako gomendioak eta neurriak jarraiki, emanaldiek aurrera jarraitzen zuten segurtasun eta prebentzio neurriak betetzen zirelako. Izan ere, Sakanako aretorik handiena Iortia kultur gunea da eta 300 pertsonarendako lekua du. Lehenengo arauek esaten dutenez, aretoak 2/3 bete zitezkeen eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantendu behar zen. Neurria ordu batzuez egon zen indarrean, izan ere, martxoaren 12an, ostegunean, Nafarroako Gobernuak ekitaldi publiko guztiak etetea erabaki zuen. Hasiera batean bi asterako itxi dituzte kultur etxean, baina ateetan “jakinarazi arte” mezua jartzen du.

Hilabete hauetarako agenda kulturala beteta zegoen Sakanan. Alde batetik, Martxoaren 8aren harira antolatutako emanaldiak zeuden aurreikusita, eta, bestetik, Nafarroako Antzoki Sarearen hirugarren zirkuitua duela gutxi jarri zen martxan. Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen Antzoki Sareak, hain zuzen, COVID-19ak egoerak arte eszenikoetan izandako inpaktuaren ebaluazioa egin nahi du, eta laguntza eskatu die sarearen barruan dauden kultur etxeei zein aretoei. Tartean Irurtzungo, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olaztiko kultur etxeak daude.

Kultur etxe bakoitzak egoeraren aurrean neurri bat hartu du. Irurtzunen, esaterako, herriko antzerki tailerrak Ver, oler, escuchar antzezlana mustu behar zuen atzo, martxoaren 19an, eta asteburu osoan zehar kultur etxean emanaldiak egongo ziren. Koronabirusak sortutako egoeraren aurrean antzerki tailerraren emanaldiak atzeratzea erabaki dute, eta sarrerak eskuratu zituztenek data berrian erabiltzeko aukera izango dute, edo udaletxeko bulegoak irekitzen dituztenean zenbatekoa itzuliko zaie. Bestetik, Olaztiko kultur etxean aurreko asterako aurreikusita zeuden Perdiendo el juicio eta Meri, Mari eta Lari antzezlanak bertan behera gelditu ziren.

Iortia kultur gunearen kasuan, zinema programazioa bertan behera gelditu zen, baina bi aste hauetarako aurreikusita zeuden ikuskizunak, aldiz, dataz aldatzen saiatuko dira. Hortaz, zinemarako sarrerak erosita zituztenek eta Internet bidez erosi zituztenek zuzenean jasoko dute sarreraren zenbatekoa. Sarrera txarteldegian erosi zutenek, Iortia berri zabaldu arte itxoin beharko dute. Bestetik, ikuskizunetarako sarrerak erosi zituztenek data berriak jakin arte itxoin beharko dute eta, hala ere, itzuli nahi izanez gero, Internet bidez erositakoek zuzenean jasoko dute zenbatekoa eta txarteldegian erositakoek bertan itzuliko zaie zenbatekoa. Azkenean ikuskizuna bertan behera gelditzen bada itzuliko zaie. Liburutegiko liburu bat dutenek berriz kultur gunea irekitzen dutenean itzuli ahalko dute liburua, penalizaziorik gabe.