COVID-19 gaitzak eragindako egoeraren aurrean, bai Etxarri Aranazko Udalak bai Altsasuko Udalak ere jakinarazi dute eten egin dituztela edozein prozedura izapidetzeko epeak. Neurri hori alarma egoera arautzen duen dekretua indarra galdu arte ezarri dutela gaztigatu dute bi udaletatik. Beraz, egintza edo izapide bat egin behar duten etxarriarrek eta altsasuarrek, edo dokumentu bat epe jakin batean aurkeztu behar dutenek, jakin behar dute martxoaren 14tik epe hori etenda dagoela.
Bitartean, bi udalek izapideak egiteko aukera eskaini dute. www.etxarriaranatz.eus web orrian udalaren egoitza elektronikoa dago. Bestela, Etxarri Aranazko Udaleko langileekin hitz egin nahi dutenek 948 460 004 telefonora hots egin dezakete (astegunetan 10:00etatik 14:00etara) edo udala@etxarriaranatz.eus e-postara idatzi. Altsasuko Udalaren kasuan, www.altsasu.eus web gunean dago bere egoitza elektronikoa. Gainera, 948 562 161 telefono zenbakira hots egin daiteke (astegunetan 09:00etatik 14:00etara) edo altsasu@altsasu.net e-postara idatzi.