Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua martxan dago baina Amaia Gerrikagoitia kirol teknikaria etxetik ari da lanean. “Lana etxera ekarri dugu eta ahal dena etxetik egiten gabiltza, telelanean” adierazi du. Beraz, norbaitek Kirol Zerbitzuarekin harremanetan jarri nahi badu, lasai asko egin dezake. “Betiko telefonoa dugu martxan (948 464 866) eta etxetik lan egiteko e-posta berria sortu dugu, baina betiko korreoak (kirolak@sakana-mank.eus) ere hona bideratzen ditu mezuak” gaineratu du teknikariak.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak martxan jarritako hainbat ekimen hankaz gora geratu dira. Esaterako, Sakanako Futbol Topaketak bertan behera gelditu dira egoera bere onera itzuli arte. “Seguraski ezin izango dira galdutako egunak eta partidak berreskuratu. Ikusiko dugu noiz arte gauden egoera honetan, baina topaketak aurreikusi moduan despedituko dira, maiatzean, ondoren garaiko jarduerak datozelako. Bestalde, apirilean Sakanako Herri Kirol Eguna ospatzekoa zen Irañetan, eta hau egun bateko jarduera denez atzeratu egin daiteke. Ikusiko dugu” zehaztu du Gerrikagoitiak.
Eskolak eta ikastaroak, bertan behera
Sakanako Harrijasotze Eskola eta Sakanako Aizkora Eskola bertan behera gelditu dira, momentuz. Martxoa hasieran hasi zen Aizkora Eskola, Etxarri Aranatzen, Erdozia aizkolarien esanetara. 17 gaztek eman zuten izena eta saio pare bat egin zituzten. “Eskola maiatzaren erdialdean bukatzekoa da, baina monitoreak eta ikasleak prest badaude luzatu daiteke; baina hori aurrerago erabaki beharko dugu, noiz bueltatzen garen ikusi eta gero” azaldu du Gerrikagoitiak. Bestalde kirol egokituetako igeriketa eta musikoterapia saioak eta fibrobialgia saioak ere bertan behera geratu dira.
Kirol monitoreen lan poltsa eta proba, zabalik
Martxan jarraitzen du Mank-eko Kirol Zerbitzuak kirol monitoreak kontratatzeko deialdiak. “Bi lan poltsa ditugu Kirol Zerbitzuan. Bat orokorra da, kirol monitore euskaldunen lan poltsa. Bertan edozein pertsona aurkeztu daiteke eta zabalik dago urte osoan. Eta bestetik, Kirol Zerbitzurako lan egiten duten monitoreen artean beste lan poltsa bat ari gara egiten, Mankomunitateko kirol jardueretan lan egiteko. Horretarako proba bat gainditu behar da. Izena emateko epea luzatzea erabaki dugu, mugarik gabe, proba hauek aurten egingo direlako. Hortaz, interesatuek euren curriculuma, eskaera orria eta memoria edo merituak e-postaz aurkez ditzakete bi lan poltsetarako” nabarmendu du teknikariak.
Udako campusen izena ematea atzeratuko da
Garai honetan udako jarduetarako izena ematea zabaltzen zuen Mank-eko Kirol Zerbitzuak. Aurten ere futbol campusa, triatloi campusa, errugbi campusa eta surf ikastaroa antolatuko ditu udan, baina izena ematea atzeratzea erabaki du Kirol Zerbitzuak, egoera konpondu arte.
Ariketa egiteko gonbitea
Etxeko itxialdi honetan kirola egitera animatu du Amaia Gerrikagoitiak. Errutinak garrantzitsuak dira, eta errutinetan ariketak sartzea garrantzitsua da. “Luzaketak, yoga pixka bat, indar ariketak, abdominalak, plantxak, core pixka bat... eta gero etxekoen artean jolasak egin, sormena ere landu, zirkuitu ezberdinak sortu... ahal den gehiena mugitu. Bestalde, formakuntzarako aprobetxatu daiteke, sareetan ere asko zabaltzen ari baitira ikastaroak. Baina guztiaren gainetik gure burua zaindu behar dugu, hori da garrantzitsuena” dio teknikariak.