Maria Markotegi eta Nanoipuin lehiaketen data berria

Guaixe 2020ko api. 23a, 09:28

Apirilaren 30era arte luzatu dute Sakanako ikasleendako eta euskalduntzen ari direnendako zuzendutako literatur lehiaketak

Sakanako Mankomunitateak antolatzen ditu Maria Markotegi eta Nanoipuin lehiaketak, eta koronabirusak sortutako egoera dela eta, lanak entregatzeko epea luzatzea erabaki du. Beraz, apirilaren 30era arte bi sariketetan parte hartzeko aukera izango da. Maria Markotegi Sariko lanak posta arrunt bidez edo e-postaz bidali daitezke, eta Nanoipuin lanak e-posta bidez bidaliko dira: sakana.euskara.teknikaria@gmail.com

Maria Markotegi Sarian Sakanan bizitokia edo ikastetxea duten ikasleek parte har dezakete eta lau sail ditu: narrazio laburra, poesia, komikia eta booktrailerra. Azken hau aurtengo berrikuntza da, eta liburu baten bideo laburpen bat egitean datza. Ikasmailaren arabera banatzen dira kategoriak: LHko 3. eta 4. maila, 5. eta 6. maila, DBHKO 1. eta 2. maila, DBHko 3. eta 4. maila eta Batxilergokoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena. Sariak mailaren araberakoak izanen dira eta liburu-denda batean erabiltzeko 40 eurotik 120 eurora tarteko txartelak izanen dira. Parte hartzen duten guztiek oparia jasoko dute. 

Nanoipuin lehiaketa euskalduntzen ari den Sakanako edozein pertsonari zuzenduta dago, biata Mintzakide programako parte-hartzaileek ere parte har dezakete. Hiru maila daude: 1. maila A1 eta A2 mailetako ikasleena; 2. maila B1 mailako ikasleena, eta 3. maila B2 eta C1 mailetako ikasleena. Mintzakide programako parte hartzaileek ezagutzaren pareko mailan hartuko dute. Nanoipuin lehiaketaren saridunek liburu-dendetan 150 euroko txartel bana jasoko dute. Parte hartzaile guztiek opari bat jasoko dute. 

Sakanako Mankomunitateak adierazi duenez, sariak ekainean emango dituzte, baina ez da sari banaketa ekitaldirik egongo. 

Lanak originalak, aurrez saritu gabea, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izanen dira. Gaia librea izanen da Markotegiko lehiaketaren booktrailerretan izan ezik. Kasu honetan, irakurritako euskarazko liburu bat aurkeztuko da eta liburuaren titulua, egilea edo egileak eta argitaletxea aipatuko dira. Gainera, ez dira bertsopaperak onartuko eta kategoriaren arabera luzera desberdinak izango dituzte. Narrazio laburrak eta poemak ordenagailuz idatzirik aurkeztuko dira, 12 puntuko hizki tamaina erabiliko da. Komikiak zuri-beltzean edo koloretan aurkeztuko dira. Lanek ondoko luzera izanen dute:

Kategoria Narrazio laburra Poesia Komikia Booktubea
A 1 orrialde gutxi.
4 orrialde gehi.
10 lerro gutxi.
50 lerro gehi.
1 orrialde gutxi.
2 orrialde gehi.
 
B 2 orrialde gutxi.
5 orrialde gehi.
20 lerro gutxi.
50 lerro gehi.
1 orrialde gutxi.
3 orrialde gehi.
 
C 3 orrialde gutxi.
6 orrialde gehi.
30 lerro gutxi.
80 lerro gehi.
2 orrialde gutxi.
4 orrialde gehi.
1,5 min. gutxi.
2 min. gehi.
D 4 orrialde gutxi.
7 orrialde gehi.
40 lerro gutxi.
80 lerro gehi.
2 orrialde gutxi.
5 orrialde gehi.
1,5 min. gutxi.
3 min. gehi.
E       2 min. gutxi
4 min. gehi.

Nanoipuin lanetan ez dira indarkeria, sexismoa, arrazakeria edo bestelako eskubide urraketak sustatzen dituzten lanak onartuko. Gutxienez 100 hitz izango dituzte eta gehienez 150.