Kirol proba gehiago erori dira Sakanan

Maider Betelu Ganboa 2020ko mar. 26a, 15:19
2019ko Hiru Mendi Zerrak mendi martxa luzea. Aurten ezingo da ospatu.

Igandean Altsasun jokatu beharreko Nafar Kirol Jokoen 4. jardunaldia bertan behera gelditu da eta apirilaren 4ko Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldi luzea eta apirilaren 5ean Altsasun jokatu beharreko Ramos Trofeoa ere bertan behera geratu dira

Koronabirusarengatik alarma egoera apirilaren 12ra arte luzatu denez, epe tarte honetarako antolatuta zeuden kirol ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira. Sakanari dagokionez, igande honetan, martxoaren 29an, Nafarroako Herri Kirol Jokoen 4. jardunaldia jokatzekoa zen Altsasun, eta hurrengo igandean, apirilaren 5ean, txapelketako final handiak erabakitzekoak ziren Igantzin. Nafarroako Herri Kirol Federaziotik adierazi dutenez, ez dakite txapelketa behin betiko bertan behera geratuko den edo alarma egoera despeditzerakoan txapelketa atzeratzeko aukerarik egongo ote den. 

Hiru Mendi Zerrak 2021eraino atzeratu dute
Bestalde, apirilaren 4an zen abiatzekoa Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako XIII. Hiru Mendi Zerrak iraupen luzeko mendi martxa, Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Txapelketa mustutzen zuena eta Euskal Herriko Ibilbide Luzeen Zirkuiturako ere baliagarria zena. Aipatu martxak 2019ko ibilbide onenaren Zirkuitua saria jaso zuen, eta aurtengo ediziorako gogotsu zeuden Altsasuko Mendigoizaleak, baina ezingo da egin. Egutegian tokia egitea ia ezinezkoa denez, hurrengo urteraino atzeratu dute proba. “Hurrengo urtean gogo gehiagorekin itzuliko gara” aipatu du Andres Bengoetxeak. 

Erramu Trofeoa eta Burunda Trofeoa bertan behera
Apirilaren 5ean Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako junior mailako Erramu Trofeoa txirrindularitza lasterketa jokatzekoa zen, eta apirilaren 12an Burunda Klubak antolatutako kadeteen Burunda Trofeoa lasterketa. Bi, probak ere bertan behera gelditu dira. Aurrerago, Nafarroako Txirrindularitza Federazioarekin aztertuko da ea probak atzeratu daitezkeen edo behin betiko bertan behera utzi beharko diren. 

Xotak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eskatu du
Koronabirusaren aurrean Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak eta itxialdiak kinka larrian jarri ditu enpresa ugari. Gaixotasunak sortutako larrialdi eta osasun krisiari krisi ekonomikoa gehitu behar zaio. Horrela, Osasuna Magna Xota taldea kudeatzen duen Xota klub irurtzundarrak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eskatzeko tramiteak abian jarri ditu, jokalariak, staff-teknikoko langileak eta administrazio langileak, hau da, langile guztiak hartuko dituena. Klubaren iritziz, larrialdi egoera honetan Aldi Baterako Enplegu Erregulazioa eskatzea da bere langileak babesteko modurik onena.