Koronabirusaren kontrako borrokan guztia da ongi-etorria eta makerrek –teknologia berriekin, bereziki 3D inprimagailuekin edo robotikarekin euren proiektuak egiten dituztenak– sekulako auzolana bultzatu dute: osasun arloan ari direnendako aurpegi-babesgarriak edo pantailak egitea.
Nafarroan COVID-19 FAB Nafarroa laguntza taldea sortu zuten makerrek (400 maker inguru dira), eta hainbat sakandarrek egin zuten bat ekimenarekin. “Azkenean, atzerrian gertatu den gauza bera gertatu da hemen. Makerren artean ohituta daude beraien artean sarean lan egiten, auzolanean, eta gurera koronabirusaren arazoa iritsi bezain pronto, beraien kabuz lanean jarri ziren. Sare bat sortu zen Nafarroan, eta hobeto antolatzeko, Nafarroa gune ezberdinetan antolatzen hasi ginen. Eremu horietako bat Sakana da, baina ez da soilik Sakanara mugatzen, Ziorditik eta Beteluraino luzatu dugu eremua, logistika arrazoiengatik, koordinazioa errazten zuelako. Eta horrela hasi ginen. Telegram talde bat sortu dugu, maker guztiak eta proiektuan parte hartzen ari garen entitate eta ennpresa guztiak koordinatzeko eta horretan gabiltza, batetik produkzioa egiten eta bestetik logistika koordinatzen” aipatu digu Sakana Garapen Agentziako proiektu arduraduna den Zuhaitz Areitio Rementeriak.
Sakanako Garapen Agentziak koordinatzen du proiektua ibarrean
Sakanako Garapen Agentzia da proiektua Sakanan koordinatzen ari dena. Sakanako Garapen Agentziak Dinabide Eraldaketa Digitalerako Gunea kudeatzen du Irurtzunen, eta 3D inpresorak ditu bertan, 10 inpresora profesional eta produkzio handiko 3D inpresora. “3D inpresorak genituenez, COVID-19 FAB Nafarroa laguntza taldean sartu ginen. Dinabiden aurpegi-babesgarrien produkzioa egiteaz gain, Sakanako Garapen Agentzia garen aldetik, administrazioekin eta erakunde ezberdinekin harremana dugunez, Sakanako Osasun Etxeetan, udaletxeetan, kliniketan, zaharretxeetan eta udaletan dauden beharrak identifikatzen hasi gara. Beraiek aipatzen digute zein behar dituzten, eta gu egiten ari garena da produkzioa eta beharrak lotzeko bidelan hori. Sakanako Garapen Agentziak Dinabide gunea kudeatzen duenez, horrexeagatik hartu dugu Sakanako koordinazioa. Gu gara momentu honetan Sakanan gaitasun gehiena duguna produkzio aldetik eta koordinazio aldetik; batetik Dinabide kudeatzen gabiltza eta bestalde maker edo bolondres hauek koordinatzen” gaineratu du Areitiok.
Aurpegi-babesgarri hobeak
Sakanan egiten ari diren aurpegi-babesgarriak homologatuak dira, Osasunbidearekin koordinatuta sortutakoak, elkarlana erabatekoa baita. “3D inpresorekin piezak egiteko prozesua oso sinplea da. Inprimatu beharrekoa gure artean elkarbanatzen dugun dokumentu bat da, artxibo bat, hura kopiatzen da, eta inpresorak martxan jartzen dira” dio Areitiok. Inpresoretan egiten dena aurpegi-babesgarriko egitura edo txasisa da, bisera. Ondoren aurretik plastikoa edo azetatoa jartzen zaio eta goma, babesgarria burura eusteko.
Aurpegi-babesgarri hauek orain arte mediku eta erizainek erabiltzen zituzten betaurreko antzeko horiek baino gehiago babesten dute, eta ez diete aurpegian markarik egiten. “Errezagoak dira erabiltzeko, segurtasunaren aldetik ditugun beharrak betetzen dituzte eta ez dituzte azalean markak egiten. Eboluzio bat da. Beste herrietan izan dituzten arazoak ikusita, diseinua hobetzen joan dira. Ildo honetan, makerren batek zerbait hobea asmatzen badu, berehala guztion artean elkarbanatzen du eta guztiok produktu berria egiten hasten gara, osasun teknikarien onespena jaso eta gero. Hori da aipagarriena, zenbat jende dagoen honen atzean, zelako elkartasuna dagoen eta atzean dagoen auzolan guztia” aitortu du Sakanako Garapen Agentziako proiektu arduradunak.
Nahiz eta makerrak bere kabuz aurretik lanean egon, Sakanako Garapen Agentzia aurreko asteburuan hasi zen guztia koordinatzen. “Gure artean ere jendea gaixorik egon da eta kosta izan zaigu hau guztia antolatzea, eta azkenean asteburuan hasi ginen lanean: inpresorak martxan jartzen, zein aukera genituen ikusten, prototipo batzuk egiten…Eta baita koordinazio lanekin, maker eta boluntarioekin, ibarreko udal, Osasun Etxe, adinekoen etxe eta klinikekin harremanetan jartzen. Pentsa zenbat jenderekin hitz egin dudan!” dio Areitiok, irribarrez.
Aurpegi-babesgarrien eskari handia dago
Produkzioa inpresoraren araberakoa da. Etxeko 3D inpresoren kasuan, batzuk egunean 6 pieza egin ditzakete, beste batzuk 10 eta beste batzuk 15. Dinabiden 10 inpresora profesional daude eta produkzio handiko inpresora bat, eta guztiak kontuan hartuta, egunero 100-150 aurpegi-babesgarri egiten dira. “Kopuru dezentea da, baina beharra handia da. Atzo (asteartea) 28 aurpegi-babesgarri entregatu genituen Josefina Arregi Klinikan eta beste 50 behar ditugu, Aita Barandiaran egoitzarako ere beste horrenbeste, Sakanako Osasun Etxeetan ere mordoa.. Lehenik eta behin osasun arloan dabiltzan langileak babestu behar ditugu eta hori da preferentzia, baina ezin dugu ahaztu badagoela jendaurrean lan egiten duen profesional asko, farmazietako langileak, esaterako, eta langile hauek ere babestu nahi ditugu. Eskaria handia da” azpimarratu du Areitiok.
Beste produktu batzuk, maskarak edo harnasgailuak egingo ote diren, oraindik ezin da esan. “Osasunbideatik eta osasun erakundeetatik eskatzen digutena ari gara produzitzen. Orain aurpegi-babesgarriak behar dira, eta beste behar batzuk badaude, hasiko gara beste mota bateko produkzioa egiten” gaineratu du Sakana Garapen Agentziako proiektu arduradunak.
Sakanan 22 maker, 2 enpresa, Dinabide eta Lanbide Heziketa
Sakanako eremuan 22 maker edo pertsona bolondres ari dira modu altruista batean, inongo helburu pertsonalik gabe, beraien etxeetan aurpegi-babesgarriak egiten. Ziordia, Altsasu, Urdiain, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Uharte Arakil, Irurtzun eta Betelukoak dira. Horretaz gain, Dinabide Eraldaketa Digitalerako Gunean, Irurtzunen, egiten dira aurpegi-babesgarriak eta baita Altsasuko Lanbide Heziketa Institutuan ere. Momentuz Sakanako bi enpresa gehitu dira ekimenera, Urdiaingo Magotteaux eta Lakuntzako Lamapor.
Sakanan 3D teknologia erabiltzen duen enpresa askorik ez dago. “Hain zuzen ere horregatik sortu genuen Irurtzungo Dinabide Eraldaketa Digitalerako Gunea. Ikusi genuen Sakanan gai hau lantzeko beharra zegoela, Sakanan ez dagoelako enpresa askorik teknologia honetan jantzita, eta tresnak dauzkatenak oso gaitasun txikia dute. Pentsatzen dugu honekin guztiarekin jabetuko garela zeinen garrantzitsua den hau, eta honek guztiak eraldaketa digitala azkartuko duela. Eraldaketa digitalak zein gaitasun duen oso agerikoa da, zein den bere erabilera, eta horren arabera ikusiko dugu aurrerantzean ere Sakanako enpresetan zein behar ditugun; honek eraldaketa hau egiten ere lagunduko digu” aipatu du Areitiok.
Enpresaren batek edo makerren batek 3D inpresorarik badu eta ekimenera gehitu nahi badu, ateak zabal-zabalik dauzka. “Jar dadila gurekin harremanetan (proiektuak@sakanagaratzen.com) eta plazer bat izango da berarekin lan egitea. Gainontzeko guztia koordinatuko dugu” azaldu du Areitiok.
Udal langileek egiten dute babesgailuen banaketa
Sakanako udal guztiek bere burua eskaini dute proiektu honetan logistika edo banaketa egiteko. “Makerrak ezin dira etxetik atera, ezin dute deus inora eraman, eta Sakanako udal langileak ari dira lan hau egiten. Makerren etxeetatik materiala jaso eta osasun etxe, zaharretxe eta kliniketara banatzen dute. Pertsona asko daude honen atzean, ikaragarria da zein elkartasun uholdea sortu den honen inguruan” nabarmendu du Zuhaitz Areitiok.
Auzolan erraldoian parte hartzen ari direnei eskerrak
Sakanako Garapen Agentziak hau guztia bideratzeko izan duen ikuspegia eta iniziatiba txalotzekoa da, dagoen beharrari momentuan erantzuna emateko gaitasuna izan baitu. “Honen atzean ez gaude gu bakarrik, eta aprobetxatu nahi nuke atzean dagoen jende horri guztiari eskerrik beroenak emateko. Makerrak, osasun etxeko jendea, udaletxeko langileak, Lanbide Heziketakoak, gutxika hurbiltzen ari diren enpresak.... ikaragarria da zer nolako auzolana sortu den; benetan guztiok harro egoteko moduko ekimena da hau. Hau bukatzen denean zerbait egin beharko dugu guztiak elkarren artean ezagutzeko, aurpegiak jartzeko, orain bakoitza gure etxean gaudelako lanean. Zerbait egin beharko dugu egindakoari daukan garrantzia eta balorea emateko, ikaragarria delako. Guztioi eskerrak, benetan” dio, eskertuta, Areitiok.
Sortu den sare honekin etorkizunean beste proiektu batzuk sortu ote diren galdetuta, Areitiok argi du. “Zalantzarik ez dut, uste dut sare honek zerbait gehiagorako balio beharko duela. Etorriko dira beste egitasmo batzuk, ziur baietz. Honetatik asko ikasiko dugu, seguru. Uste dut Sakanan, beste behin, txarrenari onena aterako diogula” ondorioztatu du.
“Inpresora hauekin denetatik egin ahal da”
Mikel Arbeloa Sakanako Garapen Agentziako aholkularia
Alfredo Alvaro Igoa SAKANA
Dinabide Eraldaketa Digitalerako Guneko 3D inpresorek produkzio-ahalmen handia dute, ezta?
Guk 10 3D inpresora profesional ditugu eta produkzio handiko inpresora bat. Egun batean 100 aurpegi-babesgarri pasa egin ahal ditugu, nahiko ekipo potentea da. Eta horri makerrek egiten duten produkzioa gehitu behar zaio. Maker gehienak oso gazteak dira, eta hori azpimarratuko nuke, euren prestutasuna. Lanbide Heziketa eta hainbat enpresa ere ekimenera gehitu dira eta guztiak gaude martxan.
Arnasgailuak eta beste produktuak egitea aurreikusten duzue?
Momentu honetan aurpegi-babesgarriak ari gara egiten, osasun zerbitzuetatik eskatu digutena, baina agian hurrengo astean beste produktuak egiten hasi gaitezke, inpresora hauek mila gauza egin baititzakete. Maskarak, arnasgailuak eta beste elementu batzuk 3D-an nola egin ikertzen ari dira. Momentuz, aurpegi-babesgarrien behar handia dago, eta heldu den egunotan milaka egin beharko dira Nafarroan. COVID-19 FAB Nafarroa laguntza taldean bat egin dutenek bere ahalmena jarri dute lan amankomun boluntario bat egiteko: Nafarroako txoko ezberdinetan banatuta, eskualde bakoitzak behar duenari erantzuna eman nahi zaio. O km-ko produkzioa da. Irurtzungo Dinabide gune garrantzitsua bilakatu da, Sakanako erreferentea.
Beraz, Sakanan eta Nafarroan aurpegi-babesgarrien ekoizpen gaitasun handia dago 3 Dimentsioko inprimagailuei esker, eta ekoizpen deszentralizatua da, 0 kilometrokoa. Teknologia berri bat koronabirusaren krisiari egokituta.
Bai, primerako definizioa da. Sakanako Garapen Agentziak izan duen ikuspegia eta iniziatiba eskertu beharrekoa da, ezin hobea izan baita, aproposa. Industria ekoizpenerako balio duen tresna batek etekin soziala du.