Koronabirusak eragindako alarma egoerak ekonomian ere eragina izan du eta “ezinbesteko kausengatik” ibarreko zenbait enpresa Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak (AEEE) aurkeztu dituzte. LAB sindikatuak jakinarazi digunez, astearterako, ofizialki, 120 langileri eragiten zieten AEEEk. Egoera horretan dauden pertsonak kontratua etenda dute eta langabezia prestazioa jasotzen dute espedientea indarrean dagoen bitartean.
Sakanako LABeko ordezkari Gaizka Uhartek jakinarazi digunez, “badakigu industriako enpresak gehitzen joanen direla, beste lauzpabostetan negoziatzen ari dira dagoeneko. Ez dakigu denak onartuko dituzten. Espedienteen uholdea dator eskualdera”. Eta gaineratu du “ziurgabetasuna oso handia” dela. COVID-19 gaitzari dagokionez, Uhartek azaldu digunez, “enpresatan positiboak agertzen hasi dira, jendea etxera bidaltzen ari dira”. LABeko kideak onartu du lantegietan prebentzio neurriak hartu direla, baina “kasu askotan zailtasun handiak daude haiek aplikatzeko, beraz, lantegietan kutsatzeko arriskuak hor jarraitzen du”.
Uhartek gaineratu du, “beharrezkoak ez diren sektoreetako lantegiak itxita behar lukete jada”. Izan ere, “momentu honetan langileen gain erortzen hari da pisua, langabeziara diru sarrera gutxiagorekin, kobratu gabeko lizentziekin, oporraldiarekin. Onartezina da”. Iritzi berekoa da Sakanako ELAko arduradun Gorka Vierge: “lehenetsi behar da langileen eta orohar jendartearen osasuna eta bizitza ekonomiaren irizpidearen gainetik. Lantoki batzuetan posible izan da gutxieneko baldintzak ezarri langileen osasuna bermatze. Baina beste batzuetan, ordea, ezinezkoa suertatu zaigu eta, hala ere, lanean jarraitzen dute. Gure nahia da soilik ezinbestekoak diren zerbitzuak irekita egotea eta beste guztia ixtea”.
LABeko kideak azaldu digunez, “bajak nola hartu martxoaren 20an argitu zen, bai gaixotuendako bai konfinatuendako. Mutuak ekuaziotik kanpo gelditu dira eta enpresetako prebentzio zerbitzuek dute ardura, kontaktuak ikertu eta Osasun Publikoa informatzeko”. Uhartek jakinarazi duenez, “prebentzio zerbitzuak trabak jartzen ari dira eta enpresa askotan kontaktua izan duten jendea konfinatzea kostatzen ari da”.
Espediente tramiteak? Enpresek
COVID-19ren ekonomia eta gizarte inpaktuari aurre egiteko ezohiko premiazko neurriak biltzen ditu martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuak. Han jaso denez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) automatikoki izapidetuko ditu lan-agintaritzak onartutako enplegu-erregulazioko espedienteak. Dekretuak argi utzi du langileek ez dutela inolako izapiderik egin behar SEPErekin. Izan ere, egoerarako propio prozedura bat indarrean jarri dute eta enpresak edota aholkularitzak izanen dira Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak (AEEE) aurkez ditzaten. Horretarako, espedienteak eragina izanen duten langileei buruzko informazioa eman beharko dute (izena eta abizenak, Nortasun Agiria, langilearen banku kontuaren zenbaki osoa, familia badu seme-alaben izen-abizenak eta Nortasun Agiriak, helbidea, telefonoa eta kotizazioen epeen eta zenbatekoen enpresaren ziurtagiria).
Langileek ez dute SEPEra jo beharrik beraien espedientearen egoera kontsultatzeko, prestazioen aintzatespena automatikoa izanen delako, nahiz eta espedienteen bolumenarekin, prestazioaren aintzatespena atzeratu egin daitekeen. Langileek haiei eragiten dien AEEE espedientea aurkeztu den jakiteko SEPEra beharrean nor bere enpresara jo beharko du informazioa jasotzeko. Enpresendako eta langileendako AEEEei buruzko informazio zehatzena SEPEren webgunean dago.