Airearen kalitatearen kontrolerako estazio sarea du Nafarroako Gobernuak. Haietako bat Altsasun dago, Aminanespila kalean, Zelandi eskola publikoaren itxituraren barruan, kiroldegi ondoan. Estazio horrek orduro zazpi parametro neurtzen dituzte airearen kalitatea zein den jakiteko. Horietako bat nitrogeno dioxidoa (NO2) da. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Europar Batasunak (EB) nitrogeno dioxidoari ezarritako muga % 40koa da. Alarma egoera hasi aurretik, martxoaren 10ean, Altsasuko estazioak metro kubikoko 24 mikro-gramo zenbatu zituen. Igandean, berriz, 11.
Greenpeaceko Mugikortasun kanpainako arduradun Adrian Fernandez Carrascok azaldu digunez, “lehenik eta behin, garrantzitsua da kontuan hartzea substantzia kutsatzaile guztiak ez datozela iturri beretatik. Guk gure analisia nitrogeno dioxidoan (NO2) zentratu dugu, funtsean diesel eta gasolina erretzetik datorren substantzia delako”. Aipatu bi data horien arteko Altsasuko estazioko datuei erreparatu dio Fernandezek eta esan digunez, “NO2 eta nitrogenoaren beste konposatu batzuk, monoxidoa (NO), edo oxido multzoa (NOx) nabarmen murriztu direla bi asteen artean, beste hiri batzuetan gertatu denaren ildotik. Meteorologiak ere mailak "garbitzen" lagundu zuen joan den astearen hasieran”.
Altsasuko airearen kalitatea neurtzeko beste estazioak neurtzen dituen beste sustantzietan ez da halako beherakadarik ikusten. Fernandezek eman digu azalpena: “haien jatorria ez baitago trafikoari hain lotuta, sufre oxidoa (Sox) ikatzak eta itsas erregaiek sortzen dute gehien bat”. Greenpeaceko kideak gaineratu duenez, “partikula mikroskopikoak (PM10) hainbat errekuntza-iturritatik datoz. Eta naturalak ere izan daitezke, esaterako, Saharako hautsa”. Horrekin batera, Fernandezek azaldu digu ozonoa ez dela “zuzenean sortzen, baizik eta eguzki-izpiekiko erreakzioetatik”.
Trafikoa
Izan ere, airearen kalitatearen kontrolerako estazioak emandako datuak trafikoaren datuekin alderatuz gero, ibilgailuen joan-etorria murriztu dela ikusten da. Lurralde Kohesioko Departamentuaren Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak emandako datuen arabera, martxoaren 9tik 16ra trafikoa murriztu egin da. Leitzarango Autobian (A-15), Areson, 11.705 ibilgailutik 6.433ra pasa ziren, 5.272 ibilgailu gutxiago eta % 45,04ko jaitsiera. Iparraldeko Autobian (A-1), berriz, Ziordian 21.663 ibilgailu zenbatzetik 14.266ra pasa ziren, 7.397 gutxiago, % 34,14ko jaitsiera. Arbizun, Sakanako Autobian (A-10) ere trafikoa murriztu egin da: 16.665etik 8.832ra, 7.833 ibilgailu eta % 47 gutxiago.
Greenpeaceren irakurketa
Gobernuak alarma egoera ezarri eta astebetera erakunde ekologistak egindako balorazioaren arabera, “ezohiko egoerak ikaskuntza gisa balio dezakete airearen kalitate txarrak urtero eragiten dituen milaka heriotzak murrizteko. Argi baitago trafikorik gabeko egun batzuk nahikoa direla atmosfera garbitzeko”. Horregatik, Fernandezek esan digunez, “pertsonen osasuna arriskuan jartzen bada, neurri sendoak hartzeko ez genuke zalantzarik izan behar”.
Hala ere, Greenpeaceko kideak nabarmendu du une honetan pandemiaren aurkako borroka izan behar dela lehentasun eztabaidaezina, eta administrazioei dei egin die, alerta-egoeraren ondoren, salbuespenezko egoeraren ondorio batzuk azter ditzaten, airearen kalitatea hobetzea kasu. Izan ere, Greenpeacek kalkulatu du 4,5 milioi pertsona hiltzen zirela urtero ikatzaren, petrolioaren eta gasaren kutsaduraren ondorioz mundu osoan, eta salatu zuen erregai fosilak erretzetik eratorritako substantziek (mikropartikulak, sufre oxidoak eta nitrogeno oxidoak) 21.751 milioi euroko osasun-kostuak eragiten dituztela Espainian bakarrik, Barne Produktu Gordinaren % 1,68ren baliokidea.
Alderaketak
Greenpeaceko kideak azaldu digunez, nitrogeno dioxidoaren eragina neguan handiagoa da. Aurreko asteko neurketaren bataz bestekoa metro kubikoko 9,85 mikogramo zen. Aurreko bost urteetako martxoko bataz bestekoaren azpitik dago pasa den asteko neurketa. Joan den urteko martxoko bataz bestekoarekin konparatuta % 42, 01eko jaitsiera da. Bost urteko aldi horretan 2016ko martxoan neurtu zen nitrogeno dioxido bataz besteko kopuru handiena, m3ko 26 mikro gramo. Joan den astean baino % 62,11 gehiago.
Altsasuko estazioko nitrogeno dioxido hileroko bataz besteko balioen konparazioa | ||||||||||||
Ilbeltza | Otsaila | Martxoa | Apirila | Maiatza | Garagarrila | Garila | Agorrila | Iraila | Lastaila | Azaroa | Abendua | |
2015 | 25 | 21 | 19 | 17 | 17 | 17 | 17 | 16 | 17 | 17 | 18 | 19 |
2016 | 27 | 28 | 26 | 23 | 21 | 19 | 17 | 16 | 16 | 16 | 16 | 16 |
2017 | 18 | 18 | 19 | 18 | 17 | 14 | 12 | 11 | 10 | 11 | 11 | 11 |
2018 | 17 | 17 | 15 | 13 | 13 | 12 | 12 | 12 | 12 | 12 | 12 | 13 |
2019 | 16 | 18 | 17 | 16 | 15 | 14 | 13 | 12 | 12 | 12 | 13 | 13 |
2020 | 17 | 16 | 15 | - - | - - | - - | - - | - - | - - | - - | - - | - - |
Altsasuko estazioaren sustantzia berak neurtzen ditu Iruñeko Gurutze plazan dagoen estazioak. Altsasuko eta Iruñeko datuak konparatuz, hiriburuan ere trafikoak behera egin duela adierazten dute nitrogeno dioxido, nitrogeno monoxido eta nitrogeno oxidoen datuek.
Airearen kalitatearen neurketarako Altsasuko eta Iruñeko Gurutze plazako estazioen arteko alderaketa | ||||||||||||||
Sustantziak* | Sufre dioxidoa | Karbono monoxidoa | Nitrogeno dioxidoa | Suspentsioan dauden partikulak | Ozonoa | Nitrogeno monoxidoa | Nitrogeno oxidoak | |||||||
Data | Altsasu | Gurutze plaza | Altsasu | Gurutze plaza | Altsasu | Gurutze plaza | Altsasu | Gurutze plaza | Altsasu | Gurutze plaza | Altsasu | Gurutze plaza | Altsasu | Gurutze plaza |
2020-03-10 | 5 | 4 | 0,4 | 0,4 | 24 | 44 | 21 | 21 | 32 | 27 | 19 | 17 | 53 | 17 |
2020-03-11 | 9 | 5 | 0,4 | 0,5 | 29 | 58 | 25 | 22 | 25 | 15 | 31 | 31 | 76 | 105 |
2020-03-12 | 10 | 4 | 0,3 | 0,4 | 12 | 31 | 16 | 15 | 46 | 26 | 6 | 8 | 21 | 44 |
2020-03-13 | 8 | 4 | 0,3 | 0,4 | 6 | 25 | 15 | 13 | 73 | 45 | 4 | 6 | 12 | 35 |
2020-03-14 | 8 | 4 | 0,4 | 0,3 | 13 | 21 | 19 | 15 | 52 | 47 | 6 | 4 | 22 | 27 |
2020-03-15 | 12 | 4 | 0,4 | 0,3 | 8 | 16 | 16 | 14 | 61 | 39 | 4 | 3 | 14 | 21 |
2020-03-16 | 11 | 4 | 0,4 | 0,4 | 10 | 24 | 8 | 7 | 71 | 44 | 4 | 5 | 15 | 32 |
2020-03-17 | 7 | 3 | 0,3 | 0,4 | 16 | 26 | 12 | 12 | 37 | 26 | 7 | 7 | 26 | 36 |
2020-03-18 | 8 | 4 | 0,3 | 0,4 | 18 | 24 | 32 | 21 | 30 | 17 | 9 | 12 | 32 | 42 |
2020-03-19 | 13 | 4 | 0,1 | 0,3 | 4 | 10 | 25 | 17 | 78 | 39 | 2 | 3 | 7 | 14 |
2020-03-20 | 16 | 4 | 0,1 | 0,4 | 4 | 14 | 18 | 20 | 90 | 59 | 1 | 2 | 6 | 17 |
2020-03-21 | 21 | 4 | 0,1 | 0,4 | 6 | 15 | 20 | 19 | 88 | 54 | 1 | 2 | 8 | 18 |
2020-03-22 | 22 | 5 | 0,2 | 0,4 | 11 | 20 | 26 | 23 | 59 | 45 | 2 | 3 | 14 | 25 |
*Sustantzien neurriak metro kubikoko mikrogramoko dira, karbono monoxidoarena ezik, metro kubikoko miligramoa dena. |